Goizetik entzun dira txapliguak gaur, Markina-Xemeinen. Andra Mari Eguna ospatu dute Erdotza auzoan, eta goizean goizetik kalejira egin dute txistulariek Iderraga Nagusitik Erdotzaraino.
Eguerdian baina, izan da hitzordu nagusia. Urtero modura, Erdotzako ermitak ateak zabaldu ditu gaurko egunez bisitariak hartzeko, eta mezaren ostean Zerutxu dantza taldeko dantzari gazteen dantzaldia ikusteko aukera egon da.

Zerutxuko dantzari gazteek Erdotzako jaietan dantzatu dute gaur eguerdian.
Bedarra moztuta egon da Erdotzako egun handian eta ermita ere dotore apainduta. Haren aurrean egin dute dantzan Zerutxuko gaztetxoek eskolatik irten eta gero.
Arku dantza,
Banangoa eta
Txakarrankua dantzatu dituzte beste batzuren artean Zerutxuko neska-mutilek.
Dantzak ikusi eta mokadutxoa hartzeko aukera ere eskaini dute auzokoek ermitaren ondoan. Eguraldia lagun, asko izan dira hitzordua galdu nahi izan ez dutenak.