Ia erabili ezinik utzi dute lapurrek Artibai Mendigoizale Taldeak
Alpinok Oizen duen Itur-Zuri basetxea. Bertan zegoen oinarrizko ekipamendua lapurtu eta triskantzak eragin dituzte.
Aterpetxean zegoen sukaldeak utzitako hutsunea. Argazkiak: Jabier Arrate, Artibai Mendigoizale taldea
Uztailaren 10ean, San Kristobal Egunean, bazkari bat eduki zuen kuadrilla batek bertan aterpetxean, baina ezer ez zutela nabaritu azaldu dute mendigoizale taldekoek. Hala ere, aste bete aurretik, atea behartuta zabaldu zutela konturatu ziren. “Makilatxo bategaz itxi zuten bista batean itxita zegoen irudia emateko”, azaldu dute. Baina, ezer ez zela falta eta, atearen saraila konpondu eta gaia bere horretan utzi zuten. Handik hamabost egunera baina, basetxea ondo zegoen ikustera joan zen taldeko bazkideak, sarraila apurtuta aurkitu zuen berriz ere. “Sartu eta irten egin zuen bakarrik, eta ezer falta zenik ez zuen nabaritu”. Hurrengo astean ateko sarraila konpontzera joan ziren Artibai Mendigoizale Taldekoak basetxera eta, lanean zebiltzala, sukaldea falta zela konturatu ziren. Begiratzen hasita, sukaldea, sei koltxoi eta butano sua eta botila falta zirela konturatu ziren.
Lapurreta hori baina, ez da izan gertatu den bakarra. Atea konpondu eta beste hamabost egunera berriz ere atea behartuta aurkitu zuten, makilatxoagaz. “Teilatuko eguzki plakak, bateria eta instalazio elektriko osoa ostu zuten lapurrek. Gainera, teilatua apurtu zuten eguzki plakak kentzeko”, zehaztu dute.
Artibai Mendigoizale Taldeko bazkideak Itur-Zuri basetxea konpontzen. Argazkiak: Jabier Arrate, Artibai Mendigoizale taldea
Teilatua konpondu eta atea sendotzeagaz gain, mendigoizale taldeak salaketa jarri du ertzain etxean. “Segurtasunik ez handia eragin digu lapurretak; hiru bidar sartu dira eta nahi duten guztia eraman dute”.
Talde baten aterpetxea
36 urte egingo ditu aurten Markina-Xemeingo taldeak Zengoitigane eta Oiz mendi tontorraren artean dagoen basetxea eraiki zuela. Eskulana izan dute oinarri. Taldeko bazkideek eraiki eta mantendu dute, eta bazkideen, denbora libreko taldeen, eskolen, eta beste mendi taldeen eskura egon da, Artibai Mendigoizaleak doan utzita. “Alpinok ez dauka dirurik ekipamendua behin eta berriz berritzen ibiltzeko, mendizale talde bat besterik ez gara eta”, nabarmendu dute. Lapurreten ondorioz, gainera, beldurra gelditu zaie. “Berriro ere berdinak etorri eta jartzen duguna eramango dutenaren beldur gara”.
Taldeak aurreztu eta eskatutako diru laguntzekin erosi zuten sukaldea orain dela hiru urte. Janaria egiteagaz gain, aterpetxea berotzeko ere erabiltzen zela azaldu dute. Eguzki plakekin, berriz, ura altxatu eta argia sortzen zuten. “Orain argi barik geratu da”.