Guardia Zibilak hamar pertsona atxilotu ditu droga trafikoaren aurkako operazioan
Euskal Herrian, Galizian, Madrilen, Aragoin eta Kantabrian egin ditu atxiloketak Guardia Zibilak. Informazio iturri ezberdinen arabera, droga trafikatzaileek kokaina Hego Ameriketatik Espainiara eroaten zuten. Ustez, trafikatzaileek droga hainbat herritan zabaltzen zuten, tartean Ondarroan. Guztira, Guardia Zibilak tona bat eta erdi kokaina atzeman ditu.
Guardia Zibilak jakitera eman duenez, trafikatzaileek hainbat bidaia egiten zituzten Hego Amerikatik Espainiara eta droga jolasontzien bitartez sartzen zuten. Paraka izeneko operazioan, lau espainiar, hiru argentinar, paraguaiar bat, holandar bat eta ingeles bat atxilotu dituzte.
Ikerketa ekainaren 17an hasi zuen Guardia Zibilak, Zaragozan (Espainia) 98 kilo kokaina zeramatzaten bi auto atzeman eta gero. Orduan, poliziek autoak gidatzen zihoazen bi pertsonak atxilotu zituzten. Atxilotuen deklarazioetan oinarrituta, guardia zibilek etxe bat lokalizatu zuten, Bizkaian, Ondarroa eta Lekeitio inguruan.
Ikertzen jarraitu ostean, poliziek beste lau etxebizitza erregistratu zituzten. Hori, baina, iraila hasieran izan zen. Miaketa horietan, gainera, hamaika kilo haxix, dirua eta gailu informatikoak atzeman zituzten.
Guztira, miaketa guztietan ondoko materiala atzeman du Guardia Zibilak: 12 ibilgailu, 21.500 euro, itsasontzietarako nabigazio sistemak, seinaleak ekiditeko hiru gailu, tona bat eta erdi kokaina eta 11 kilo hachis.
Guardia Zibilak jakitera eman duenez, droga trafikatzaileek kokaina Espainian sartzeko bide desberdinak erabiltzen zituzten eta taldea “oso ondo antolatuta zegoen”. Dena dela, gehien erabiltzen zuten bidea ondokoa zen: itsasontzi handietan droga euskal kostaldera hurreratzen zuten. Ondoren, jolasontzietara pasatzen zuten eta Ondarroan deskargatzen zuten.