Sormenaren altzo zabalera salto egiteko aukera izango dute markina-xemeindarrek ikasturte honetan. Mugarik barik, ikuspegi zabala aurrean, era guztietako arloetan astindu, luzatu edo zabaldu ahalko dituzte adimen eta gorputzak.

Deiene Garcia eta Nerea Unanua Arte Eskolan.
Urte askotan Arte Eskola izan dena Sormen Lantegi bihurtuko dute, era guztietako diziplineri ateak zabalduz. Proiektuko enborrak Deiene Garcia Iragorri eta Nerea Unanua Otxoantesana izango dira, baina, beste sortzaile batzuk ere joango dira parte hartzen, gaiaren arabera.
Markina-Xemeinen dagoen beharrizan batetatik sortu da proeiktua. Eskolaz kanpoko jarduera asko daude kirolari zuzenduta, baina sormenari zuzenduta oso gutxi edo bakarra: Arte Eskola. Beraz, horren aurrean zer edo zer egitearen asmoa denbora luzez ibili da batzuen buruetan, eta azkenean, falta zen pausua eman dute. Arte Eskolari aldaketa bat emango diote eta sormen lantegiaren bideari ekin.
Diziplina guztiak
Helburua era guztietako arte diziplinak lantzea izango da. Nerea Unanua Arte Ederretan lizentziatua da eta Deiene Garcia barne diseinuan, eta diziplina ezberdinak diruditen arren lotura badutela diote biek. «Gauza asko erlazionatuta daude, diote». Helburu batzuk zehaztuta dituzte: Esperimentazioaren esperientziatik sortzea, gauza bera egiteko aukera mugagabeak daudela eta denak direla baliozkoak ikastea, lan indibidualak kolektiborako beharrezkoak direla erakustea, ez-ohiko materialekin sortzea, adierazteko bide ezberdinak eta berriak ezagutuz beldur denak kentzen hasten edo askatzen joatea, materiaz eta materialtasunaz jabetzea eta indar asko emango diete material birziklatuei, inguruko materialekin gauza berriak sortu ahal direla erakutsiz.
Hiruhilekoan banatuko dute lantegia. Lehenengo hiruhileko gaia lantegiaren gidariek proposatuko dute eta beste biak parte hartzaileek eurak erabakiko dituzte. «Uste dugulako arlo horretan ere euren ekarpena garrantzitsua dela» zehaztu du Nerea Unanuak.
Betiko sortzeko estereotipoak apurtuko dituztela argi utzi dute, dauden mugak gainditu. Hau da, sortzeko ez dute zertan mahai batean jarrita egon beharko, ez dute zertan ixilik egon beharko, bakarrik pinturaz margoztu beharko… sortzaileak libreak izango dira. «Askok uste dute umeei ez badiegu zer egin behar duten esaten ez dutela jakingo zer egin. Guk baliabideak emango dizkiegu eta gero eurek erabakiko dute egin nahi dutena zer den eta nola egin nahi duten», dio Unanuak.
Gorputza izango da lehen hiruhileko oinarria . «Barrutik, kanpotik eta sentimentuen aldetik. Denok dugulako bat eta ez dakigulako gure gorputzagaz lan egiten baizik eta automata baten moduan pentsatzen, ez dakigulako gure gorputza entzuten. Umeetan ere arazo bat izaten da ez dakitelako gorputza onartzen», argitu du Garciak. Umea egoera baten kokatzeko bibliotekako arduraduna joango da saio hasieran eta ipuin baten bidez kokatuko du umea egoera horretan, ipuin baten bidez sortuko da giroa.
Muga barik
Gaia oinarritzat hartuta, hainbat ekintza proposatuko dituzte, irteera bat ere egingo dute, eta artista gonbidatu bat izango dute. Horrela, Ainara Legardonen Archipiel proiektua, musika, espazioa eta gorputzari buruzko proiektu bat, ezagutzeko aukera izango dute hasteko. Azkenik, hiruhilekoaren amaieran erakusketa bat egingo dute herriko kokapen ezberdinetan. «Bertan egiten diren gauzak erakustea garrantzitsua dela ikusten dugu, batez ere umeak euren buruagaz harro sentitzeko».
HH5 etik aurrera, proeiktuak ez du adin mugarik, eta gainera, aurrera begira dagoen egitasmoa dela aitatu dute. Horrela, nagusi, gazte eta familiei zabaltzen joango zaie. Aurten proiektu esperimentala, hasiera, izango da, zelan funtzionatzen duen ikusteko, eta forma ematen jarraituko dute. «Orain sustrai bat da eta zuhaitz bat bihurtzea da asmoa».
Aitzindariak izango dira, gainera, horrelako lantegia eredu berria da eta. «Sormen mugimendu eta iniziatiba batzuk ezagutzen ditugu, zelako gauzak mugitzen diren, baina horrelako lantegirik ez dugu ezagutzen».
Eguenetan eta barikuetan elkartuko dira taldeak sortzekoprest, bakoitzak aukeratzen duen egunean, eta egun bakoitzean bi orduko saioa izango dute, 17:00etan hasita.
Espazioari dagokionez datorren astean hasiko dira orain arte Arte Eskola egon den aretoa birmoldatzen. Hormak bota, margotu… espazioa zabaldu eta argituko dute. Hala ere, ez dira lau hormen artean egotera mugatuko. Eguraldia lagun dutenean kalera aterako dira, sormanari espazio berriak eskaintzera.
Urriaren 1ean eta 2an izango dira lehen saioak. Gogoa, ilusioa eta sortzeko grina ez dira faltako.