Ziriako Andonegi IV. literatur sariketa martxan jarri du
Mutrikuko Udalak. Lehiaketaren arduradunek iragarri dutenez, lanak aurkezteko epea irailaren 21etik urriaren 30era izango da.
Ohi modura, hiru sari banatuko dira: 18 urtetik gorakoentzat (600 euro), mutrikuar onenarentzat (200 euro) eta, azkenik, 16 eta 18 urte bitarteko egilerik onenarentzat (100 euro). Idazle berdinak ezingo ditu bi sari jaso lan berberarekin. Hala ere, bi lanekin sari bat baino gehiago jasotzeko aukera egongo da.
Lehiaketara aurkezten diren lanen
baldintzen artean honakoak bete beharko dira: euskaraz idatzia, originala eta argitaratu gabekoa eta beste lehiaketaren batean saririk jaso gabekoa izan beharko du.

Iazko irabazleak. Alberto Gorritiberea
Gaia librea izango da, eta ipuinek gutxienez hiru orrialde eta gehienez, hamar izan beharko dituzte. Baldintza bakarra bete beharko dute. Ordenagailuz idatzita egon beharko dute, Arial edo Times New Roman ortotipografia erabilita. 12 neurria erabili beharko da, bi tartetara eta orrialde bakarretik idatzita egon beharko du.
Lanak postaz edo posta elektronikoz bidali daitezke. Postaz bidaliz gero, idazlanak izenburua eta egilearen goitizena eramango du agerian, eta idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Idazlanarekin batera, gutun azal itxi bat bidali beharko da, kanpoaldean idazlanaren izenburua jarrita, eta barrualdean, egilearen izen abizenak, goitizena, adina, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa, sinadura eta NANaren fotokopia. Posta elektronikoz egiten bada, mezu bat bidaliko da eta bi fitxategi erantsiko dira, bat idazlana eta goitizenarekin eta beste bat egilearen datuekin.
Idazlanak helbide honetara bidali beharko dira:
kultura@mutriku.net edota posta arruntez, udaletxera (Txurruka plaza z/g 20830 Mutriku – Gipuzkoa – Kultura Saila). Ziriako Andonegi ipuin lehiaketarako dela adierazi behar da.