Iraila bukaerako marea biziak direla eta, marearteko zabalgunea ezagutzeko hiru irteera gidatu eskainiko ditu
Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Itsasoko uraren mailari baxuenak egongo direla aprobetxatuz, tokia ezagutzeko aukera aproposa dela iragarri dute hango arduradunek. “Zalantzarik gabe, ikusmin handia sortzen duen gertaera da, eta ezin hobea Euskal Kostaldeko Geoparkeko marearteko zabalgunea ezagutzeko”.
![Bisita gidatua marearteko zabalgunean zehar](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2015/09/Bisita-gidatua-marearteko-zabalgunean-zehar-300x144.png)
Bisita gidatua marearteko zabalgunean zehar. Argazkia: Euskal Kostaldeko Geoparkea
Domekan [irailak 27], 10:00etan, bi bisita gidatu egingo dira: bata, euskaraz, Deban (Sakoneta inguruan) eta bestea, gazteleraz, Zumaian (Itzurungo hondartzan). Horiez gain, irailaren 29an [martitzena], beste bisita gidatu bat egingo da Zumaian, 11:00etan (gazteleraz).
Antolatzaileek aurreratu dutenez, bisita bakoitzaren iraupena hiru ordu eta laurdenekoa izango da. Haitzetan ibiltzeko oinetako egokiak eta ura eramatea gomendagarria dela ere iragarri dute. Era berean, marearteko zabalgunea “kontu handiz” zaindu beharreko ingurua dela nabarmendu dute. “Ingurumenarekiko errespetuz jokatzea eskatzen diegu egunotan hurbilduko diren bisitariei”.
![Marearteko zabalgunea](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2015/09/Marearteko-zabalgunea1-300x142.png)
Marearteko zabalgunea. Argazkia: Euskal Kostaldeko Geoparkea
Antolatzaileen esanetan, batez ere, biologiari erreparatzen dion bisita da, eta itsasbehera oso behean dagoenean egin daiteke bakarrik. “Gidari espezializatu baten laguntzaz, marearteko zabalgunea ezagutuko dugu, labarren oinarrian azaleratzen den plataforma harritsua. Oso ekosistema aberatsa dauka: itsas izarrak, olagarroak, itsas erbiak eta bestelako izakiak aurkituko ditugu; kolore eta forma anitzetako bizitza zabalduko zaigu begien aurrean”.
Irteeretan interesa dutenek erreserbak egiteko epea zabalik dute
Geoparkearen webgunean edota Mutrikuko, Debako edota Zumaiako turismo bulegoetan ere.