Mutrikuko udal agintariek nabarmendu dutenez,
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta
Debemen-en(Debabarreneko Landa Garapen Elkartea) laguntza ekonomikorik gabe ezinezkoa izango litzateke Mijoa II industrialdean egitekoa zen eraldatze gunearen egitasmoaren kostu ekonomikoa euren gain hartzea. “Proiektu honek hiru oinarri zituen: aldundia, Debemen eta udala. Aldundiak atzera egitean, Debemenek adierazi du berak ere parte hartzeari utzi egingo diola, Mutrikuko Udalari zama ekonomiko guztia beregain utziz”.
Are gehiago, zentrua abian jarri eta aurreikusita hainbat gastu Mutrikuko udalaren gain geratuko balira, urtero aurrekontuetatik diru kopuru eder bat zuzendu beharko litzatekeela ere nabarmendu dute udal agintariek.

Mijoako industrialdea
Jeltzaleek nabarmendu dutenez, gainera, aurreko agintaldian ere, proiektuarekiko “jarrera kritikoa” erakutsi zuten “egitasmoaren beharra” behin eta berriz zalantzan jarriz, eta orain, azken udal hauteskundeen emaitzetatik sortutako taldeen indar banaketak, zentroaren beharra berraztertzeko aukera eman diela adierazi dute. “Oraingo aldundiak ere guk dugun jarrera berbera du. Hau da, ez dute babesten honelako zentro baten beharrizana. Argi ikusten dugu horrelako dirutza publikorik xahutu beharrik ez dagoela, zuzeneko diru laguntzez gain, Gipuzkoan beste zentro batzuk ere badaude ustezko ekintzaile nahiz ekoizleek beren proiektuak gauzatzea bermatzen dituztenak”.
Lanak egin ezean, aldunditik jasotako dirua bueltatu egin beharko litzatekeela jakitun da udala. Horren inguruan, aldundiko landa garapenerako arduradunekin harremanetan jarri ziren udal agintariak, eta jasotako dirua “hutsaren truke” ez dutela itzuli nahi adierazi zieten aldundiko arduradunek. “Gure proposamen landu eta gero, honako laguntza baieztatu digute; 150.000 euro 2012an Mutrikuko baserritarren beharrak jakiteko eginiko azterketak emandako emaitzei erantzuteko, eta beste 72.000 euro, horren beharrean dauden baserri bideak konpontzeko. Diru hau, laguntza berezia litzateke, aurtengoan erabiltzeko izango dena”.

Mutrikuko Mijoa industrialdea
Azken erabakia, ordea, gaur [irailak 24] egingo den osoko bilkuran hartuko dela ere azpimarratu dute. Euren iritziz, baserritarren egiazko premiei erantzunez, diru publikoaren erabilera arduratsua egin beharko litzateke. “Ezin dugu inola ere, beharrak antzemango lituzkeen bideragarritasun planak egin aurretik zentruaren egitasmoa gauzatzeko ahalegin itsuan aritzea, are gutxiago, eginez gero, erabilpenik gabe geratzeko arrisku handiak ditugunean”.