Ane Uriarte: "Gure bila etorri zirenak ez ziren inolaz identifikatu"
Eta biharamunean, zer moduz? Aaiunera heldu ginenetik, atzetik genituela igarri genuen. Bertako aktibistekin elkartu ginen bazkalostean, eta konturatu ginen poliziaren presentzia areagotu zela. Haiek dena dute kontrolpean. Atera egingo gintuztela bagenekien, baina noiz ez. Orduan denpora aprobetxatu nahi genuen haien testigantzak entzuteko, eta argazkiak, bideoak, elkarrizketak… egiteko. Gogorra izan zen hori, izan ere, oso testigantza gogorrak daude: 25 urte desgertuta, 11 urte zulo batean sartuta… Errealitate gogorra espero nuen, baina, espero baino errealitate gogorragoa topatu nuen. Zer kontatu zizueten? Bi emakumegaz egon ginen, 11 urtez desagertuta egon, eta torturatuak izan zirenak. Bizi izandako torturak kontatu zizkiguten. Emakumeen egoera oso gogorra da. Haien gizonak Fronte Polisarioko kide izateagatik bakarrik, atxilotuak, desagertuak eta torturatuak izaten dira emakumeak; haien gizonen lan politikoagatik, eta ez haienagatik. Hori entzuteak amorrua ematen du, ernegatzen jartzen zaitu. Beste emakume bat Tindufeko kanpamenduetatik zetorren, eta bi egun lehenago, aireportuan, tortura latzak jasan zituela esan zigun. Garrasi egiteagatik ahots barik zegoen. Torturen arrastoak erakutsi zizkigun, markaz beteta zegoen. Duintasuna guztiz galdu zuen uneaz ari zen, gu kameraz grabatzen ari ginen bitartean. Zer esan ere ez genekien. Ez al zenuten polizia agertzeko beldurrik izan? Kamerak utzita, tea hartuz apur bat erlaxatzea erabaki genuen. Gustura geunden momentuan atea jo zuten. Aktibistek ez irtetzeko esan ziguten, eta pasaporte eske zeudela esan ziguten. Pasaporteak eman eta turistak ginela esan genien. Aurpegietan igarri genien ez zigutela sinistu. Ez ziren ez polizia legez, ez inolaz identifikatu. Frantsesez ari ziren iparraldeko kideagaz; niri aurpegira begiratu ere ez zidaten egiten. Gure segurtasunagatik han ezin ginela egon zioten. Esan genien han seguru sentitzen ginela. Baina haiek ezetz, han ezin ginela egon. Zein arrazoi zuten galdetu genien, azalpen bat nahi genuen. Enbaxadara deitzen utzi ez zidaten arren, etxera sartu eta deitu egin nuen, baina makina batek erantzun zidan. Gure pasaporteak zituzten; horiek barik han salduta geunden. Ezer ilegalik ez genuela egin esan genien, eta hala tratatzeko eskubiderik ez zutela.“Bi orduz guztiz inkomunikatuta egon ginen; bahiketa modukoa izan zen”
Handik atera eta nora eraman zintuzteten? Poliziarena ez zen auto batean sartu, eta inork ez zekien leku batera eroan gintuzten. Bi orduz mobilak eta argazki kamera kendu zizkiguten. Galdetu genien ea nortzuk ziren, poliziak zirela aitortzea nahi genuen. Bagenekien ordu batzuetara Marokora bidaliko gintuztela. Zentzu horretan, beldurrik ez genuen pasatu, baina bi orduz guztiz inkomunikatuta egon ginen. Bahiketa baten modukoa izan zen. Gero, mugako kontrol batera eroan, eta kazeta txiki batean sartu gintuzten. Galdeketa egiten hasi ziren: ea zergatik egon ginen haiekin, nortzuk ginen, zertan lan egiten dugun, nondik ezagutzen genituen… Politikotzat gintuzten. Administratzailea nintzela esan nien –gezurra da–, eta bestea musikaria denez, hala esan zien. Arabieraz berba egiten geundela zioten. Terroristak izatea eta gauza ilegalak egitea leporatzen ziguten. Esan genien ez genuela ez lege nazional ez internazionalik hautsi, eta ez genuela ulertzen zer egiten genuen han. Abokatuekin hitz egingo genuela esan genien. Saharar mendebaldera doazen atzerritarrak liburu batean erregistratu behar dira: zertara doazen, noiz arte, nondik ibiliko diren… Han agertzen ez ginelako haserre zeuden. Gainera, ez zuten sinisten autobusean heldu ginenik, baina, uste dugu autobus konpainiagaz berba egin zutela guk geniona egia zela ziurtatzeko. Nolakoa izan zen kanporatzea? Autobusez bidali gintuzten Maroko iparraldeko Agadirrera. Han, besteekin batu ostean, trena hartu, eta Rabatera joan ginen, Frantziako eta Espainiako enbaxadetan salaketa ipintzera. Ez gintuzten esku zabalik hartu; kosta zitzaigun barrura sartzea. Baina, azkenean, lortu genuen jaramon egitea; hala ere, kutsu politikoa kentzen saiatu ziren. Pasaporteak kendu, eta kanporaketa ilegala jasan genuela azaldu genien. Idatzizko kexa formala egin genuen: gertatu zena salatu, eta hurrengo urteetan halakorik gertatzea saihesteko eskaria. Kexa eta salaketa ipintzeko eskubide osoa genuela zioten, baina Espainiak ez zuela guri erantzuteko obligaziorik. Ezin zutela ezer egin zitoen, Marokoko Gobernuak bota gintuela, eta ez zutela eskumenik ezer egiteko. Horrekin zerikusirik ez zutela zioten. Espero genuen haien erantzuna, baina, egin beharreko gauza zen. Segituan bueltatu al zineten? Ez, Rabaten zeuden bi presoren senideekin eta presoen eskubideen aldeko kolektibo bategaz berba egitea lortu genuen. Presoek oso dispertsio handia dute. Maroko iparraldeko kartzeletan daude saharar presoak. Kartzeletan torturak ikusgarriak dira, eguneroko kontua. Hain aldarrikapen nagusienetako bat osasunerako eskubidea da. Sekulako torturak jasaten dituzte, eta kartzeletan ez dute zauriei aurre egiteko baliabiderik: ez dute medikurik, ez ditu inork artatzen. Ez dute osasunerako eskubiderik, eta hortik arazo larriak sortzen dira: infekzioak, gaixotasunak… Hori da haien borroka handienetako bat. Bestea da zigor bat bete eta beste zigor bat ezartzen diete, bizi osorako zigortuta. Haiei bisita egiten laguntzea proposatu genien, baina, ezetz zioten, oso arriskutsua izan zitekeela guretzat. Hango komunikabideetan ere agertu zineten. Bai, Marokon zioten terroristei laguntzen ibili ginela, beraz, gu ere terroristak ginela. Egunerokotasunean itzelezko errepresioa eta okupazioa jasaten dituzte, eta ikaragarrizko blokeo informatiboa daukate. Eskubide zibilen urraketa nabarmena du Marokok ezkutatzeko. Ez dute brigadistak joaterik nahi, sahararren egoera ez zabaltzeko.“Gure bila etortzean, poliziek zioten gure segurtasunagatik ezin ginela han egon”
Hona ailegatuta, Espainiak daukan erantzukizuna salatu duzue. Espainiak ehuneko handi batean du gertatzen denaren erantzukizuna. Egoeraren erantzule handienetako bat da. Ofizialki administratzaile izaten segitzen du; 1975ean Saharatik alde egin arren, ez da ezer aldatu. Okupazio itzela dago, Marokok nahi duena egiten du hango jendeagaz, lurrekin… Espainiak ez ikusiarena egiten du, interes handiak dituelako. Maroko eta Sahararen arteko gatazka txiki bat moduan bizi dute askok, baina ez da hori. Sekulako gatazka dago, errepresioa. Marokogaz batera errudun handienetakoa Espainia dela ezkutatzen da. Garrantzitsua da hori hemen zabaltzea. Sahara ez da herrialde pobrea, munduko arrantza banku handienetako dauka, eta mineral aldetik ere oso aberatsa da. Pobreak ez dira baina zapalduta daude alde guztietatik; eskubide barik. baina, kanpamenduetan ez dute ezer. Kanpamenduetan salduta daude, laguntza internazionala eta mendebaldeko sahararrek eskaintzen dieten laguntzagaz dirate. Basamortuan daude azken batean, eta joan eta etorri ibiltzen dira laguntza eskaintzen. Saharar biztanleriaren gehiengoa kanpamenduetan dago, ihes eginda. Saharar mendebaldean %20-30 da sahararra, besteak marokoarrak.“Eskubide zibilen urraketa nabarmena dauka Marokok ezkutatzeko”