Asteburu guztian errepikatu den modura, beteta egon da, gaur ere, Arretxinagako plaza. Umeak izan dira protagonista, eurei begira antolatu dute-eta Arretxinagako Jai Batzordekoek San Migel bezpera.
Atzo arratsaldeko txotxongilo ikuskizuna.
Arre arre Txina ikuskizuneko txotxongiloen ipuinak entzun eta eurekin batera abestu dute ume, gaztetxo eta nagusiek ere. Txokolate goxoa jateko aukera eduki dute gero, Arretxinagan batutakoek, eta buruhandien aurrean aringa-aringa egin dute ume eta gaztetxoek, “pozik”.
Asteburu jendetsua
Umeez gain, adin eta gustu guztietako herritarrek erantzun diote, asteburuan, sanmigeletako hitzorduari. Musika entzun eta dantzarako gogoz, gazteak izan ziren plaza bete zuten lehenengoak, baina, txirrindulari, kartazale, bertsozale zein giroa ikustera joan denik ez da falta izan.
Guztira, 187 txirrindularik hartu zuten parte zapatuko martxetan. 40 txirrindularik egin zuten BTT martxa luze-luzea eta 100 lagunek luzea eta motza. Martxa herrikoian, bestalde, 47 ume eta nagusi bildu ziren. Arretxinagatik irten eta goiz osoa egin zuten batzuk inguruko mendietan gora eta behera. Helmugan baina, bazeukaten saria, hamaiketako edarra prestatu zieten eta Arretxinagakoek, sagardoa eta errekiak barne.
Zapatu goizeko bizikleta martxa herrikoia.
Ia ordu bete inguruan ibili ziren Markina-Xemeingo errepideetan zehar martxa herrikoiko txirrindulariak. Buelta bakarra egin zuten batzuk, baina, asko izan ziren bigarren buelta “motzagoa baina gogorragoa” egitera animatu zirenak.
Arratsalde osoa kartetan
Luze joan zen ere, arratsaldeko karta jokoa. 55 bikote aritu ziren musean eta briskan zein baino zein gehiago: 29 musean eta 26 briskan. Azkenean, Mari Karmen Arratek eta Mari Tere Aulestiartek jantzi zituzten briskako txapelak, eta Iñaki eta Alvaro Goitiandia anaiek musekoak. Bigarrenak, Maria Angeles Lejardi eta Juli Arrieta (briskan) eta Jabier eta Jesus Mari Arrieta anaiak (musean) izan ziren; hirugarrenak, Antonia Zelaia eta Gemma Mendieta (briskan) eta Manu Meabe eta Joxe Martin Zabala (musean), eta laugarrenak, Maria Jesus Longarte eta Maria Ugarteburu (briskan) eta Bene eta Josune Azkarate (musean).
Gaueko bederatziak arte luzatu zen jokoa, eta beraz, jokalariek libre utzitako mahaiak bete zituzten berehala, herri afarian elkartu ziren 135 lagunek.
Bertsoak eta musika lotuta
Domekako goiz erdirako zeuden Xemeingo udaletxe aurreko mahai gainean VII. Tortilla Txapelketako zortzi platerak. Auzotarrez osatutako hiru laguneko epaimahaiak ez zuen lan erreza izan. Dena dela, gustua eta puntua aztertu ondoren, 7. tortilla zela hoberena erabaki zuten Aitor Goikoetxeak, Bittori Txurrukak eta Aitor Lersundik. Irabazlea, beraz, Arantza Izagirre izan zen.
Tortilla txapelketako sariak emanda atera ziren oholtza gainera Irrintzi Lehiketako lau partaideak. Bi bidar bota zuten ijuia, eta berdinketa hausteko beste baten. Ijui ikaragarriak bota zituzten baina hoberena, Mirari Azkunegaz batera, eguerdiko giroa alaitzeko pandero-jole ere bazebilen Zaloa Zenarruzabeitiarena izan zela erabaki zuen epaimahaiak.
Beste hirurak ere izan zuten saria: bigarrena, Nere Sololuzek irabazi zuen, hirugarrena Lorea Zarragoikoetxeak eta laugarrena Marije Zelaiak.
Euskaraz Bizi Nahi Dut herri lasterketan aringa-aringa eginda, plazako aulkietan jarri zen publikoa Ez da kasualitatea bertso eta musika ikuskizuna entzuteko. Garikoitz Otamendi eta Igor Arruabarrena musikarien doinuei jarraituz, eta Maite Berriozabalek jarritako gaien hariari jarraituta, ikus eta batez ere entzuteko saio dotorea eskaini zuten Alaia Martin, Miren Amuriza, Eli Pagola eta Oihana Bartra bertsolariek. Maitasuna, politika, kirola eta Arretxinagako harriei lotutako bertsoak eskaini zituzten, bestak beste, umorez eta abileziaz.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.