San Migel Egunean ohitura den legez, Zerutxu dantza taldeak Xemeingo Ezpata Dantza eta Aurreskua dantzatu ditu gaur goizean, Xemeingo udaletxe zaharraren aurrean. Beste behin ere, ikuskizun zoragarria eskaini dute Markina-Xemeingo dantza taldekoek, eta plaza inguratzen zuen publikoak emozioz txalotu ditu.
Zerutxu dantza taldea Xemeingo Ezpata Dantza dantzatzen, gaur goizean, Arretxinagako plazan. Arretxinagako plazan
Jai eguna izan dute gaur markina-xemeindar askok, eta Arretxinagara joan dira ohitura zaharra ikusteko prest. Meza ostean hasi da ikuskizuna, eta berehala bete dira plazaren inguruko jarlekuak. Maisu Zaharreren papera egin duen Eneko Amutxastegi dantzaria, aizto biak eskuan, besteen lepora altzatu denean entzun dira txalorik gogorrenak.
Ezpata dantzaren ondoren, Soka Dantza, Fandangoa eta Arin Arin-a egitera gonbidatu dituzte, ikusleen artetik, zortzi emakume, eta denak batera dantzan eginda, Biribilketa alaian amaitu dute dantzaldia.
Mokadutxoa hartzeko tartearen ostean jazz doinu ezagunak eskaini ditu Brazztet taldeak plazaren ondoan kokatuta. Jarlekuak lekuz aldatu eta musikarien inguruan batu da beraz, publikoa, musika entzuteko.
Arratsaldeko ekintzak ordu erdi atzeratu ditu Arretxinagako Jai Batzordeak. Horrela, herri kirol saioa 18:30ean hasi da.
Mendaroko eta Berriatuko taldeak neurtu dira Arretxinagako probalekuan. Guztiek eraman zuten lazo beltza, asteburuan zendu den herritarra gogoan.
Giza proban egin dute lehenengo Berriatuko eta Mendaroko neska-mutilek. 20 minutuko saioan eta zortzi lagunen artean 650 kiloko harria eramanda, 42 untze, laurden bat, 4 metro eta 20 zentimetro egin dituzte Berriatukoek. Mendarokoak atera dira probalekura gero, eta 42 untze, laurden bat 4 metro eta 30 zentimetro egin dituzte, Berriatukoek baino 10 zentimetro gehiago.
Giza proba estu-estuaren ondoren, trontzan, txingak eramaten eta txokor batzen ere egin dute bi taldeetako kirolariek, zein baino zein gehiago den jakiteko.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.