Ondarroara hurbiltzen diren bisitari asko, aho zabalik uzten ditu Andra Mari elizak.
Gotiko berantiar estiloko eraikina haitz baten gainean dago eraikia, herriaren erdi-erdian.
Alde zaharraren bihotzean dagoen eraikin ederrak erdi aroko lilura mantentzen du kanpotik zein barrutik, baina bere inguruek misterioz beteta egon den istorio txundigarri bat gordetzen dute: Kortxeleko mamuena, alegia.
Andra Mari eliza
Elizaren kanpoko aldea harriz osaturiko apaingarriz beteta dago, eta horietan guztietan elizaren kortxelean edo goiko aldean dauden
borgoinar estiloko eskulturak dira beldurrik gehien eragiten dutenak. Belaunaldiz belaunaldi zabaltzen joan den kondairaren arabera, korretari (eliza ingurutzen duen pasealekua) gauerdian hiru bira emanez gero, harri bihurtzen zen norbera, eta halaxe gertatu zitzaion Leokadi herriko alabari ere.
Herritarrek diotenaren arabera, Leokadik hiru bira eman zituen korretan, eta orduz geroztik kortxelean dago betirako, beste hainbat harrizko irudiekin batera. Sinesmen herrikoiaren arabera, ondarrutarrak zaintzen aritzen da. Han goian dauden irudien artean, frontoi gainera begira eserita dagoen emakume gaztea bera dela uste da.
Jaietan bakarrik bihurtzen da hezur haragizkoa Leokadi. Kortxeletik ongietorria ematen die jaiei, eta beragaz batera dauden pertsonaia guztiekin ibiltzen da jaiak bukatu arte. Arrantzale egunean, gauerdian, Ai ene! artean ezkutatzen da hurrengo urtera arte.
Kortxeleko pertsonaietako bat
Harri bihurtuko zirenaren beldur, urte luzez, korreta eta inguruetara jendea badaezpada ez zen urreratu ere egiten. Gaur egun, irekita egoten denean, ikuspegi politez gozatu daiteke bertatik. Era berean, frontoiko partidak ikusteko tokirik eta aproposena ere bada askorentzat.
Elizaren baimenagaz kortxelerea igotzeko aukera dutenek, ostera, oraindik ere ikuspegi ederragoak izango dituzte.
Xarma bereziz josita dago, eta urteak bertatik igarotzen ez direla dirudi.
Bertara ailegatzea, ez da bat ere erraza. Elizako azken pisura igo ostean, ganbarara sartu beharra dago. Ganbaran, besteak beste, elizako bobedako gainaldeetatik igaro beharra dago kortxelera irtetzeko. Hainbat bide daude, eta jakin ezean, han goian norbera ere galdu egin daiteke alde batetik bestera.
Kortxeleko beste irudietako bat
Azkenik, pasadizo estu eta altuera gutxiko batetik igarota, harrizko eskulturez beteta dagoen tokira ailegatzen da bisitaria, kanpandorretik nahikoa hurbil. Heldu eta berehala, lasaitasuna sentituko du bistariak. Ia herri osoa ikus daiteke bertatik, bateko zein besteko auzoak erraz ikuskatzen dira altuera hartatik, baina
bertigoa dutenentzat ez da batere toki gomendagarria.
Behin goi aldera ailegatuta, kortxelean alde batetik bestera gurutzatu nahiz izanez gero, dorreen azpitik doazen beste hiruzpalau pasadizo estu igaro behar dira.
Kortxeleko mamuak, eta atzean, pasadizoetako bat
Toki oso bakartia da, kalatxoriz eta erdi aroko hainbat pertsonaia irudikatzen dituzten irudiez inguratua besterik ez dago. Denak banaka sakabanatuta baldin badaude ere, horietan guztietan
deigarrienak hamabi pertsonaiez osaturiko erdi aroko gorte bat irudikatzen duen eskultura multzoa da.
Elizaren ekialdeko balustradako XV. mendeko irudi ederrek honako pertsonaiak ordezkatzen dituzte, ezkerretik eskuinera: Kentute erregea, Iaunti txistularia, folk biolin bat jotzen duen musikaria, erromesak (gizonezkoa eta emakumea), Moniko eta Monuto baleztariak, inude bat, Andera erregina, Zinemus monjea, Andozoni ezkutari gaztea eta Enego zalduna.
Mamuetako bat
Irudi horiez gain, beste segizio bat izan daitekeen estilo bereko beste hamahiru pertsonaia gehiago ere badaude zutabe edo pinakuluei itsatsirik, banaka. Guztira, han hemenka sakabanatuta,
57 irudi agertzen dira. Txakurrak, arranoak, krokodiloak, herensugeak eta mitologiatik hartutako pizti izugarriak eta beste hainbat izaki agertzen dira eleiza ingurutzen.
Horietan guztietan beldurgarrienak, beharbada, elizako hegoaldeko hormako idi begiaren azpian agertzen diren bi mamuak dira. Kokotetik zintzilik bi gizaki lotuta dituzten kateak daramatzate.
Kortxelera hurbildu ezin denak, aldiz, irudi horietako bat bertatik bertara ikusteko aukera ere badu udaletxeko zaharreko eraikin barruan. Izan ere, elizari ataria eta udaletxea gehitu zitzaizkionean, tenpluaren alde bat estali behar izan zen, eta hortaz, kanpoan ageri diren xurrutarrietako bat ikusi daiteke bigarren pisuaren parean.