Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarrak ezin izan du Euskadiko harri txikien txapelketa bigarrenez irabazi. Iazko txapelduna gogor aritu bazen ere, Aimar Irigoien Gipuzkoako txapeldunak eskuratu zuen txapela, zortzigarrenez.
Txapela lortzeko norgehiagoka estua jokatu ostean, gutxigatik ihes egin zion garaipenak ondarrutarrari. Zehatz esanda, 101 jasoaldi (11.812,5 kilo denetara) egin zituen Urruzunok, Irigoienek baino lau gutxiago. “Fisikoki ondo sentitu nintzen, eta gauzak ez nizkion erraz utzi Irigoieni”.

Inhar Urruzuno Galbaixoko jaietan harri jasotzen
Gorozikakoak txapela janztea lortu ez badu ere, pozik dago egindako beharragaz. “Pozik egoteko moduko marka egin dudala deritzot”. Hain zuzen ere, bere helburua iaz txapela lortu zueneko marka hobetzea zen, eta hori gainditzea lortu zuen atzo [urriak 4] Aiako probalekuan. Iaz zehazki, 99 altxaldi egin zituen, aurten baino bi gutxiago.
Probari dagokionez, hiru izan ziren bertan partu hartu zutenak. Izan ere, Jagoba Otaegi ez zen bertan egon. Zozketa bidez erabaki zen bakoitzak noiz egin beharko zituen lanak, eta horietan lehena, IƱigo Eizagirre izan zen. Haren atzetik aritu ziren Aimar Irigoien eta Inhar Urruzuno.

Inhar Urruzuno Galbaixon erakustaldia egiten
Lanei dagokienez, lau harri jaso behar izan zituzten, eta bakoitzagaz aritzeko hiru minutu izan zituzten. 125 kiloko harri laukizuzena jaso zuten lehendabizi, eta ostean, 125 kiloko zilindrikoa eta 112,5 kiloko kubikoa. Azkenik, 100 kiloko bolagaz amaituko zituzten lanak.
Hasiera hasieratik, nahikoa berdinduta ibili ziren Urruzuno eta Irigoien. 125 kiloko harri laukizuzenagaz 30 jasoaldi egin zituzten biek. 125 harri zilindrikoagaz, gainera, aurrea hartu zuen ondarrutarrak; Irigoienek baino jasoaldi bat gehiago egin zuen, 30 guztira. “Lehen harriagaz jasoaldi kopuru berbera egin genuela ikusita, kopagaz arriskatu egin behar nuela iruditu zitzaidan. Aimarrek 29 altxaldi egin zituen, eta nire txanda heldu zenean 30. altxaldian, gehiago egiteko gai nintzela irudituta, beste bi egitea erabaki nuen, baina indarrek azken momentuan ihes eginda, gelditu egin behar izan nuen”.

Inhar Urruzuno iazko txapelagaz
Urruzunok nabarmendu duenez, hortik aurrera indarrak berreskuratu ezinik ibili zen. Hala, osteko bi harriekin ezin izan zuen Irigoien baino hobeto aritu. “Lehertuta amaitu nuen, eta gerokoan, indarrak ezin berreskuratuta ibili nintzen. Bat gutxiago ere baginen, eta hori ere igarri egin zen. Izan ere, harritik harrira atseden hartzeko denbora gutxiago izan genuen denok”.
Aste batzuk barru Bizkaiko Txapelketa jokatuko da, eta hurrengo egunotan, atseden hartu ostean, harako prestatzen hasiko da harrijasotzaile ondarrutarra.