Esnearen sektoreak bizi duen
egoera salatu dute azkenaldian bai ekoizleek,
sindikatuek zein alderdi politikoek.
EHNE Bizkaiak dio merkatua erregulatzen ez bada esnea ekoizten duten
abeltzainak desagertu daitezkeela. Europak apirilean hartutako erabakiak min handia egin die Euskal Herriko abeltzainei. Kuoten sistema ezabatu zuen, produkzioarekiko kontrola galduz.
Orduz geroztik,
Europak esne gehiago ekoizten duela salatu du sindikatuak, baina kontsumoa ez da handitu. Horrek,
EHNE Bizkaiaren esanetan,
kalte egin die ekoizle txikiei, baita Euskal Herrikoei ere. “Administrazio publikoak arautu beharko luke sektorea, baina ez du egiten, eta ez du arazoaren muina konpondu”, dio EHNE Bizkaiako Andoni Garcia Arriolak. Sindikatuaren ustez, produkzioa eta prezioak erregulatu behar dira krisiari irtenbidea emateko.
Esne behiak
Bai Europak, bai eta Espainiar Estatuak agindutako diru laguntzek ez dute arazoa konponduko, “adabaki hutsa” direla dio Garcia Arriolak. “Bertoko esne saltzaile gehienak, gainera, laguntzarik barik geratuko dira”. Laguntzak jasotzeko Espainiako Nekazaritza ministerioak ezarritako baldintzak “irrealak” direla dio EHNE Bizkaiak. “25 zentimoan ezarri du etekinen muga. Beraz, Espainiaren arabera, esne litroa 0,25 euro baino garestiago saltzen duen edozein abeltzainek etekinak ditu. Baina errealitatea oso bestelakoa da”.
Etorkizuna kolokan ikusten du EHNE Bizkaiak, eta neurriak eskatu ditu; sektorearen aldeko apustu erreala egiteko eskatzen dute baserritarrek
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan esnea zentralari (Kaiku) saltzen dioten abeltzainek,
batez beste, 0,27 euroan saltzen dute litroa. Beraz, Espainiako
laguntzak hartzeko mugatik kanpo geratzen dira. «Baina errealitatea da esne litro baten ekoizpenak 0,35 euroko kostua duela baserritarrarentzat», dio EHNE Bizkaiako kideak. «Beraz, dirua galtzen dute».
300 milioi euro agindu ditu Espainiak galerak dituzten esne ekoizleak laguntzeko, behi bakoitzeko 300 euro, eta haziendako, gehienez, 10.000 euro.
Baserritik ezin bizi
Bizkaian 160 esne ekoizle zenbatu zituzten
iaz;
hamar urtean kopurua erdira murriztu da. Eta orain hogei urte mila baino gehiago ziren. Datuak kezkagarriak direla diote sindikatu eta ekoizleek. Sektorearen etorkizuna kolokan ikusten dute, eta neurri eraginkorrak eskatu.
Esne behiak, jaten
Bermeon du baserria
Ane Miren Yustak: Zuluetatxu. Argi du zein den arazoa. Dioenez, esnea ondo ordainduko balute ez lukete laguntzen beharrik urte bukaeran zuloak estaltzeko. “Gure lanak ematen digunetik bizi nahi dugu, ez laguntzetatik”. Baina diru laguntzekin jende askok etekina ateratzen duen susmoa dauka, “eta abeltzaina da onura gutxien hartzen duena”. Urte asko daramatzate arazo horrekin bueltaka, eta abeltzaintza hiltzen utzi dutela deritzo. “Bermeon bi esne ekoizle gaude, eta besteak kaleko salmenta egiten du”.
Baserriaren aldeko apustua egin zuten, baina ez da nahikoa izan. “Bizirauteko, nik baserria utzi eta kanpora jo behar izan nuen lana bilatzera. Senarrak egiten du lan baserrian, eta nik lagundu egiten diot”. Esnearen salmentatik baserritarrek negozio gutxi egin dezaketela dio Yustak. 50 abelburu dituzte, esnetarako batzuk, eta okelaren salmentarako beste batzuk. Hala ere, dioenez, haragia saltzetik ere ezer gutxi atera daiteke gaur egun.
Bere prezioan saldu
Europaren azkenengo erabakiek esne gehiago ekoiztea ekarri duela nabari izan du Yustak ere, Eskaintza handitzean prezioek behera egin dute. Eta bertoko abeltzainen egoera are larriagoa dela dio. “Hemen sektorea krisian dago, gero eta gutxiago gara, eta ez da kontsumitu beste ekoizten. Nondik dator, beraz, hemen erosten dugun esnea?”, galdegin du.
Baserritarren eskaria argia da. Sektorearen aldeko apustu erreala egitea. Azterketa bat egin beharko luketela dio Yustak: esne ekoizleen egoera zein den ikusteko, zer nolako potentziala dagoen aztertu eta zer egin daitekeen hiltzen ez uzteko. “Zer egin daiteke bizirauten dugun eskoizleekin? Esnea gehiago ordaindu daiteke? Lagundu daiteke produzkioa hobetzen?”. Era berean, laguntzak beharrizanen eta ganadutegien ezaugarrien araberakoak izan beharko liratekeela dio Bermeokoak.
Negozioari eusteko etekina ateratzea beharrezkoa dela diote ekoizleek. Baina gaur egun horretarako tarterik ez dutela diote: “Pentsuak esne litroaren bikoitza balio du”
Errigoitiko
Arriaga baserriko Fran Ortuzar ere bat dator Yustagaz; alegia, esnearen sektoreak bizi duen krisia ez dutela laguntzek konponduko. Dioenez, ekoizle askok utzi egin dute sektorea, egoeragaz nekatuta. Gainera, haren ustetan, egoerak ez du laguntzek jende gaztea lan honetara hurbiltzeko. «Inbertsio handia egin behar duzu ustiapena jartzeko; gutxi gorabehera, ehun milioi lehengo pezetetan». Negozioa hasteko laguntzak beharko lirateke, Ortuzarren esanetan, «eta produktua dagokion prezioan ordaintzea».
Era berean, negozioari eusteko etekina ateratzea beharrezkoa dela nabarmendu du Errigoitikoak: tresnerian inbertsioak egiteko, produkzio katea hobetzeko… Baina gaur egun horretarako tarterik ez dutela dio, eta kexu da: «Pentsuak berak esne litroaren bikoitza balio du».
Erregularizazioa
Esnearen
prezio egokia,
litro bakoitzeko, 40 zentimokoa litzatekeela dio EHNE Bizkaiako ordezkariak. Kantauri isurialdean, orografia dela eta, produzkio kostuak handiagoak direla azaldu du, gainera, eta mendi inguruetan ere esne produkzioa bermatu egin beharko litzatekeela.
EH Bilduk ere esne sektorea erregulatzeko plan integrala eskatu du Eusko Legebiltzarrean, eta, helburu horrekin, hamar puntu jasotzen dituen errekonbertsiorako plan integrala aurkeztu du. Sektoreak Hego Euskal herrian bizi duen egoera “oso kezkagarria” dela dio koalizioak. Europak kuoten sistema bertan behar uzteak kalte egin duela uste du. “Elikadura burujabetzaren printzipioaren aurka doan neurria da, guztia merkatuaren eskura utziz”.
Azken hilabeteetan
esne ekoizleei %20 jaitsi diete Europan bataz beste ordaintzen izan dioten prezioa. Ordainean, Europak 500 milioi euroko laguntza agindu du, eta behi bakoitzeko 300 euroko laguntza etekinik ez duten baserritarrentzat.
Baina, laguntzak laguntza,
egoeraren larritasuna azpimarratu du EH Bilduk. “Jaurlaritzaren datuen arabera, azkenengo hamar urteetan ekoizleen %77 desagertu egin da, eta behi bakoitzeko zorpetze maila 1.915 eurokoa da, bataz beste”.
Gaur egungo egoerari eta datuei erreparatu, eta etorkizunera begirako proiekzioa egin du EH Bilduk. “Azken bi hamarkadetan esne ekoizleen kopuruak izan duen joerari begiratzen badiogu, eta joera hori ondorengo urteetan proiektatuz gero, ikus dezakegu 10-15 urtean esne sektorean baserritarrik ez dela egongo. Laupabost ukuilu intentsibo gera daitezke, baina baserritarrik ez”.