Gernika gudarostearen omenezko eskulturaren ondoan ipini dituzte Frantzian nazismoa borrokatu zuten gudari guztien zerrendak: bizirik direnak, zauritu zirenak eta hildakoak. Denak jasota daude Pasealeku gaineko oroigarrian,
Amets hilezkorren oroimenez goiburu duena.

Jose Ramon Aranberria ‘Matxote’.
Frantzisko Perez
Paco (Jaurrieta, Nafarroa) eta
Jose Ramon Aranberria Machote (Ondarroa) gudariak zein Gernika bataloian aritutako beste hainbesteren senideak ere han izan ziren atzo. Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok esan zuenez, “Gernikak ez du ahaztu nahi. Historia ahaztuta, murriztuta edo trukatuta ez da ezer konpontzen”. Horregatik Frantzian borrokatu zuten euskaldunak ez dituztela ahaztuko nabarmendu zuen. “Nazien aurka borrokatu zuten, urte gutxi lehenago Gernika bonbardatu eta herriari su eman zion ejerzitoaren kontra, hain zuzen”. Askatasunaren eta demokraziaren aldeko borroka egin zutela aipatu zuen alkateak, eta atzo bistarazi zuten oroigarria haien omenez dela.

Jose Ramon Aranberria ‘Matxote’ ondarrutarra, eskuman, beste omenduekin batera.
Lehenago, Juntetxean, Gernikako arbolaren azpian ere omenaldia egin zieten. Bertan, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente
Ana Otaduik eta Bizkaiko Ahaldun Nagusi
Unai Rementeriak hartu zuten hitza. Rementeriak eskerrak eman zizkien gudariei.«Gaur hemen bagaude benetan zuei esker da», esan zuen.
Pantaila handira
Gudari horiek bizi izan zutena jaso du Iban Gonzalez zuzendariak
Batallon Gernika. Askatasunaren ametsa dokumentalean. Atzo estreinatu zuten, Lizeo antzokian, eta estreinaldian egon ziren Perez eta Aranberria.
Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartu zuen film luzearen aurkezpenean.

Jose Ramon Aranberria ‘Matxote’ ondarrutarra, Gorroñoren ondoan, beste omenduekin batera.
Franck Dolosorrek idatzitako historiak Perezek, Aranberriak eta haien kideek bizi izandakoa erakutsi gura dio euskal gizarteari. 70 urtera Bigarren Mundu Gudan gertatutakoa kontatzea garrantzitsua dela dio Frantzisko Perezek. 1922. urtean jaio zen nafarra bizirik atera zen frentetik. Askatasun eta justiziaren beharrak bultzatuta joan zen borrokara: “Nazismoa garaitzea zen nire asmoa, han edo hemen”. Baina, nazismoa garaituta, halakorik ez zuen ikusi. “Bigarren Mundu Gerra amaituta ere jazarpena ez zen bukatu. Beraz, arriskuan zeudenei lagundu eta Frantziara heltzen laguntzen nien”. Euskal Herria justizia eta askatasuna lortzetik “urrun” dagoela dio.

‘Gernika’ gudarostean egon ziren gudariak.
Gudari denak gogoan
Aranberria ondarrutarrak
Pointe de Graveko borroka ekarri zuen gogora atzokoan. “Nik bizi izan nuena oso gogorra izan zen”. Frantzia naziengandik askatzeko azken borrokaldi hura atzoko ekitaldian aipatu ez izanak harrituta utzi zuen Aranberria. “Ni han izan nintzen, batzuk hil egin ziren, eta beste batzuk zauritu, borrokan”. Gernikan gudarosteari egindako omenaldian,
denak gogoan zituela esan zuen Aranberriak.

‘Gernika’ gudarostean egon ziren gudariak eta senideak, omenaldian.