Azaroaren 22tik 29ra bitartean, euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera ederra egongo da Lekeition. 38. Euskal Zine Bilera lehen pausuak ematen hasi da, eta jada, euskara hutsean egiten den zine bilera bakarrean parte hartuko duten 41 fimeen aukeraketa egin du Lekeitioko Udalak. Hamar lan profesionalek eta 31 amateurrek lehiatuko dute aurten, urrezko antzarra.
Aitor Arregi oƱatiarrak profesional mailako film onenaren saria eta zuzendaritza saria eraman zituen iaz. Argazkia: Gari Garaialde/Bostok photo
Euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune eta euskarazko lan amateurren plaza izan nahi du aurten ere Euskal Zine Bilerak, hori dela eta, bi kategoriatan banatu dute lehiaketa aurten ere. Parte hartzaile bakoitzak aukeratu du bere bidea, eta kategoria bakoitzean egongo diren sarietako bat eramatea izango dute helburu.
Kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dituzte. Profesionalen sailean, arlo bakoitzeko 1.600 euro eta zilarrezko antzarra emango dituzte, amateurrean, berriz, 1000 euro eta zilarrezko antzarra. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onenaren Saria ere profesional eta amateurren kategorietan emango da: lan profesionalak 1.900euro eta urrezko antzarra jasoko dute eta amateurrak 1.300 euro eta urrezko antzarra. Iaz, Aitor Arregiren
Zarautzen erosi zuen irabazi zuen lanak eraman zuen profesionalen arteko film onenaren saria; amateurren artean berriz, Unai Garateren
Ordu erdi filmak irabazi zuen bilerako sari nagusia.
Beste bi sari ere banatuko ditu Lekeitioko zine bilerak, bakoitza 500 eurokoa: Gazte 22 Saria eta Antzar Morea. Bost zinegilek izango dute gazteei zuzendutako saria lortzeko aukera. Parte hartzen duten film guztien artean genero ikuspegia ondoen txertatzen duen lana sarituko du, bestalde, Udaleko Berdintasun Batzordeak, Antzar Moreagaz.
Epaimahaia
Euskal Zinemagintzagaz lotutako bost profesionalen eskutan egongo da aurten erabakia. Aitor Merino aktore eta zuzendari donostiarrak, Iban Gonzalez errealizadore arrasatearrak, Oihana Garro EHUko Arte Ederretako irakasle eta ikerlariak, Gotzon Sanchez Errenteriako aktoreak eta Izaskun Alvarez artista, diseinatzaile eta ikertzaile donostiarrak osatuko dute 38. Euskal Zine Bilerako epaimahaia.