Zer suposatzen dute azokek zuentzat?
Guretzako produktua ezagutzera emateko eta salmentak egiteko ekintzak izaten dira. Azoka egiten den herriko herritarrez gain, kanpotik ere jendea etortzen da, eta, ondorioz, gure saltzeko era gehiago zabaltzea lortzen duzu.
Juantxu Iruguenpagate, Ateun harategi-urdaitegiko arduraduna
Eta azokan parte hartzeak zer suposatzen dizue?
Parte hartzeak lana suposatzen du. Dena antolatu egin behar izaten da, eta hori lana da. Baina garrantzitsuena da produktua ezagutzera ematen dela. Eta kontsumitzaileei egiten duguna gustatzen zaien edo ez jakin ahal izaten dugu. Guk urte askoan parte hartzen dugu Markina-Xemeingo Urriko Azoka Nagusian.
Zehatz esanda, zer da azokarako prestatzen duzuena?
Guk betikoa egiten dugu. Azokara bagoaz ere, gure produktuei ez diegu inolako aldaketarik gehitzen. Dena dela, azoka datorrenean produktu gehiago egin behar izaten ditugu. Baina, egia esan, prestaketa lanek ez dute misterio handirik. Ordu gehiago sartu eta produktu gehiago prestatzea izaten da kontua.
Herritarrek azoketan kontsumitzen al dute?
Denetarik egoten da. Batzuk eguna pasatzera joaten dira, eta beste batzuk, erostera. Orokorrean, baina, jendeak erosi egiten du. Markina-Xemeingo Urriko Azoka Nagusia ondo zaindutako azoka dela uste dut, eta hori nabari da. Ez dakit jendeari ezagunak diren ekoizleei erostea gustatzen bazaie edo produktua den berezia, baina, egia da, guk ere Lea-Artibaiko azoketan kanpoko azoketan baino gehiago saltzen dugula.
Azoka gehiago egitea gustatuko litzaizueke?
Ez dakit azoka gehiago egin beharko liratekeen edo ez. Hori bai, argi daukadana da kalitatezko azokak direla mantendu behar direnak; kalitatea da zaindu behar dena. Leku askotako azoketan ikusi izan dut salerosketako jendeak parte hartzen duela, eta ez ekoizleak. Ikusi izan ditut bestelako lanpostuak dituztenak azoketan saltzen, zaletasuna dutelako edo beste arrazoi batzuengatik. Azokek ekoizleenak izan behar dute, eta modu horretan kalitatea bermatuko da.