Etzi egingo dute martxa, eta apuntatu diren guztiek jaso dute oroigarri moduan motxila bana. Izen ematea itxita dago, beraz, ezin daiteke egunean bertan apuntatu.
Aurreko urteetan modura, aurten ere bi ibilbide egongo dira. Osoa 25 kilometrokoa izango da, eta hura egiteko bost ordu eta erdi inguru behar direla aurreikusten dute. Beste ibilbide laburrak hamar kilometro izango ditu, eta hiru ordu inguruan egiteko modukoa izango da.
Martxa osoa egiten dutenak Aulestiko plazatik irten eta auzo hauetan barrena egingo dute ibilbidea: San Anton, Goierri, Urregarai, Malats, Zubero, Urriola, Murelaga, Garatxaga, Lekerika, eta Narea. Handik Aulestiko plazara bueltatuko dira.
Ibilbide laburrekoak, ostera, Aulestiko parketik abiatu eta Murelaga, Garatxaga, Lekerika, eta Narea auzoetatik ibili ostean Aulestiko plazan amaituko dute martxa.
Guztira 11 ermita bisitatuko dituzte paraje ederretatik paseatzen duten bitartean. Hain zuzen ere, hauek dira igaroko dituzten ermitak: San Anton, Santutxu, Urregarai, Malats, Zubero, Urriola, Murelaga, Garatxaga, Lekerika, Narea eta Elizatxu.
Bi hornidura gune egongo dira, bata Urregaraiko zelaian ipiniko dute, eta bestea, Garatxagan (San Paulo).
Halaber, amaieran, ohitura legez, kopaua egongo da herriko plazan eta partaideek eskumuturrekoa aurkeztuta parte hartu ahalko dute horretan.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, egunean bertan herriko tabernak zabalik egongo dira, gosaldu ahal izateko. Halaber, aparkalekuak ere zehaztuta egongo direla diote. Eta aurreko urteetan modura, dutxak ere egongo direla gaineratu dute.