40 urte badira Atxondoa auzoan Teresa Doneari lotutako jaiak ospatzen dituztela. Jai handiak ziren lehengoak, aurrekontu handikoak, eta gaur egun txikitxoagoak badira ere, beti-betiko auzoko jaietako kutsua mantentzen dute. Zapatuan [urriak 17] eta domekan [urriak 18] egongo da giro horretaz gozatzeko aukera.
Gazte bat txingak eramaten Teresa Donearen jaietan. Argazkia: Bikale taberna
Urtero modura, ume eta gaztetxoei zuzendutako ekintza koloretsuagaz hasiko dituzte jaiak Atxondoa auzoan. 21 urte dira Teresa Donearen jaietan margo lehiaketa egiten dela, eta aurten ere ez da faltako. Markina-Xemein eta bere inguruak margotuko dituzte 4 urtetik 11 urte bitarteko umeek zapatu goizean eta hilabete osoan egongo dira euren lanak ikusgai auzoan dagoen Bikale tabernan.
10:00etatik 13:00etara egongo da aukera margotu nahi den orriari kontrol marka jartzeko. Margolanak, berriz, 15:00etan entregatu beharko dira. Aurten, gainera, epaimahai berezia izango du lehiaketak. Sormen Tailerreko arduradunak, Nerea Unanuak eta Deiane Gartziak aukeratuko dituzte margorik onenak. “Nerea Unanuek urte askoan parte hartu zuen lehiaketan eta sariak ere eraman ditu”, aitatu dute antolatzaileek.
Urtero modura, lau mailatan banatuta egongo da lehiaketa, adinaren arabera. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, txikien maila bat gehitu dute eta gazteena kendu. “Gazteek lotsa kontuak direla eta ez zuten parte hartzen eta txikiak, ostera, nahi izaten dute. Beraz, adin muga aldatu dugu”, argitu dute.
Margo teknika librea izango da, eta bakoitzak erabili behar dituen tresnak eraman beharko ditu, arkatz markatzaileak, argizarizko pinturak, oliozkoak…
Sariak bertan egunean banatuko dituzte; 20:00etan, Bikale tabernan.
Txokolatada, jolasak eta buruhandiak
17:00etan hasiko da umeentzako jaialdia arratsaldean. Auzoko lau andre eta gizonezko batek txokolatea prestatuko dute jaira doazenentzako, eta buruhandiak eta jolasak egongo dira umeentzat. “Txinga bereziak ditugu umeentzako 200 gramo, kilo erdi eta kilo batekoak eta umeek gozatu egiten dute eurekin”. Horretaz gainera, buruhandi txiki berri batzuk ere badituztela aurreratu dute, “txikienak jostatzeko”.
Dardo txapelketa ere antolatuko dute, zortzigarrena aurtengoa, eta betiko modura diana eta dardoak eramango ditu etxera irabazleak.
Markina-Xemeingo Guraso Elkarteak, iaz bezala, bat egingo du jaiagaz, eta eurek antolatzen duten ekimena batu dute Teresa Donearen jaietako egitaraura.
18:00etan hasiko dira Zumba, patinekin jolasak eta egurrezko jolas parkea ere.
Angel Eizagirre
Angel Egia soinujoleak jarriko dio doinua zapatuari.
Domeka goizean ere, 12:00etan hasita, buruhandiak eta jokoak egongo dira umeentzat.
EGITARAUA
Zapatua
- 10:00-15:00. XXI. Margo Lehiaketa.
- Arratsalde osoan. Angel Eizagirre Angel Egia soinujolea.
- 17:00. Jaialdia umeentzat: Txokolatada, buruhandiak, jolasak eta VIII. Dardo Txapelketa.
- 18:00. Zumba, patinekin jolasak, egurrezko parkea.
- 20:00. Margolanen sari banaketa.
Domeka
- 12:00. Buruhandiak.
- 12:30. Jolasak.