Joan Sebastian Elkanok 1522an munduari bira emateko erabili zuen lehen itsasontziaren erreplikak Ondarroa bisitatuko du estreinako datorren astean. Eguraldiak bisita atzeratzen ez baldin badu, Bordeletik etorriko den ontzia urriaren 21ean porturatuko da, eta urriaren 25era bitartean kofradia inguruetan lotuta egongo da.
Hain zuzen ere, bisita
Ondarroako Historia Zaleak elkartearen ekarpenari esker egingo da, eta berau
Nao Victoria Experience 2015 deritzon Europako biran sartu du
Nao Victoria Fundazioak. Ondarroako Historia Zalek elkarteko kideak ontzia ekarteko ahalegin handia egin dute. Euren esanetan,
Victoria ontziaren moduko erreplika bat Ondarroan izatea “oso pozgarria” da. “Gaiaren inguruan ikerketa handia egin dugu, eta pozik gaude ontzia bertan ikusgai egongo delako. Guretzat ez eze, ondarrutar guztientzat ere berri pozgarria dela deritzogu. Egindako ikerketari esker mundu mailako historian sartu gara”.
Victoria ontziaren erreplika. Argazkia: Fundacion Nao Victoria
Ontzia berez, arinagoa zen etortzekoa, apiril hasieran, baina ontziaren eta bertoko marinelen mantenua ordaintzeko dirua ezin lortuta ibili dira proiektua bultzatzen aritu direnak. Azkenik, Ondarroako Udalaren, Kalare Deuna Kofradiaren eta Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzaren diru laguntzei esker egitasmoa posible egitea lortu dute.
Ongi etorri berezia
Historia zaleek adierazi dutenez, gainera, hilaren 21ean ongi etorri “ikusgarria” egingo diote ontziari. Ondarroako Arrigorri Itsas Elkarteko hainbat ontzik eta Arraun Elkarteko traineruak lagunduta sartuko da ontzia Egidazu Kaian.
Victoria ontziaren erreplika. Argazkia: Fundacion Nao Victoria
Behin porturatuta, ontziko 15 marinelei eta kapitanaiari harrera berezia egingo zaie kofradia aurrean. Harreran, besteak beste, herriko alkatea, Portu Zuzendaritzako, Ondarroako Arrantza Eskolako, Kofradiako eta beste hainbat ordezkari egongo dira. “Ekitaldian egindako ikerketari buruzko hainbat azalpen emateaz gain, ontzia Domingo de Apallua ondarrutarrarena zela ziurtatzen zuen agiriaren kopia bat emango diogu ontziko kapitainari”.
Urriaren 22tik 26ra, ostera, ontzia kanpotik zein barrutik ezagutzeko aukera ere egongo dela jakitera eman dute. Nahi duten guztiek bisita gidatuak doan egiteko aukera edukiko dute.