Txorixe Bideoak bezala ezagutuko dute askok, baina horren atzean Australian jaio zen bideozale amorratua dago. Gazte gaztetatik hasi zen Josu Arrate (Ayr, Australia, 1977) ekitaldiak grabatzen. Azken hamarkadetako gertaera gehienak ditu gordeta.
Josu Arrate kamara eskuan hartuta, ekitaldi bat grabatzen.
Nondik datorkizu bideoak egiteko zaletasuna?
Aitak, osabak, etxean betidanik eduki dugu zaletasuna argazkiak atera eta bideoak grabatzeko, eta, beharbada, horregatik txikitatik gustatu zait niri ere. Pentsatzen dut Don Benito hasi zela nire familiari irrika hori sortzen. Osaba Jabi eta nire aita hasi ziren, eta haien ostean Gorka, eta haren ostean ni. Orain dela urte asko, esaterako, osabak eta aitak bideo bat aurkeztu zuten Lekeitioko zinemaldira. Etxean daukat gordeta. Familia guztia ageri da sagardoa egiten. Osaba Jabik grabatu zuen. Osaba Iñakik ere bazuen bideo kamera bat.
Garai hartan ez zen horren ohikoa izango bideo kamera bat etxean edukitzea.
Ez zen ohikoa, ez. Nik 39 urte egin behar ditut, eta nire bataioa daukat grabatuta, nire adineko gutxik izango dute horrelakorik. Australiako irudiak ere baditugu altxor modura gordeta. Ni umea nintzeneko irudiak dira, lehenengo urtea, bertako jaiak, bertan egin zen Euskal Jai bat. Osaba harria altxatzen ikusten da.
Australian jaioa zara; zenbat urte egin zenituen han?
Urte eta erdi, oso gutxi, baina irudiak baditut oroitzeko.
Argazki kamerak ere ez ziren egongo etxe askotan.
Osaba Iñaki argazkilaria zen, eta osaba Jabi argazki taldeko kidea. Nire familia, gainera, beti izan da sormena lantzea gustuko duena, eta horrelako kontuetako zaletasuna beti eduki dugu.
Noiz hasi zinen zu bideo kontuetan lehen pausoak ematen?
15 urtegaz bideo kamera oparitu zidan amak, eta ordutik ez naiz gelditu. Jadanik badira hogei urte baino gehiago grabatzen hasi nintzela.
Zer izan zen grabatu zenuen lehenengo gauza?
Gabonak izan zirela uste dut. Olentzero edo horrelakoren bat.
Lehenengo kamera amak, eta hurrengoak zure kontu?
Gero beste bost-edo eduki ditut, etxean dauzkat denak. Serioago grabatzen hasi nintzenean kamera on bat erosi nuen nire soldatagaz. Ordenagailu ganorazko bat ere erosi nuen, eta editatzen ere hasi nintzen.
Nora edo nora joan zara zer edo zer ikastera?
Nire kabuz ikasi dut guztia, aprobak eginda, apurka-apurka.
Eta editatzen?
Programaren bidez. Beharreko batek ere erakutsi dit daukadan azken programak zelan funtzionatzen duen. Berak erakutsi zizkidan lehenengo pausoak ematen, eta horren ostean, nire kontu ibili naiz ikertzen eta ikasten. Lehen PC bat erabiltzen nuen, eta orain Mac batera pasatu naiz. Hasieran nahaste apur bat, baina neurria hartzen diozunean, gozamen bat da.
Horrenbeste urteren ostean, artxibo handia edukiko duzu.
Ikaragarria. Baldak beteta ditut DVDekin. Nire gelan hasi nintzen artxiboa gordetzen. Hasieran idazmahai bat, gero bi, gero hiru, gero baldak, gero kajoiak eta ezer ez zenean sartzen beste txoko bat prestatu nion. Estudio bat muntatu nuen.
Zein izan zen etxeko kontuetatik kanpo grabatu zenuen lehen ekimena?
Lehenengo gauza serioa, konpromiso apur bat zeukana, lagun baten ezkontza izan zen. Beldurra ematen zidan zer edo zerk ondo ez irteteak. Hortik aurrera, kuadrillako eta familiako grabaketa guztiak egin ditut.
Kultur eta kirol ekitaldi ugari ere grabatzen dituzu.
Ikusten dudan edo deitzen didaten herriko edozein ekintza joaten naiz grabatzera. Gustuko lana, nahiz eta batzuetan neketsua izan, gustura egiten da. Ahal dudan ekintza guztiak grabatzera joaten naiz. Proiekzio batzuk ere prestatu ditut. Esaterako, Euskal Bizikleta egon zenean, gordeta nituen txirrindulitzako proba batzuk, eta Amets Txurrukari egindako omenaldietako irudiekin osatutako proiekzioa eman genuen. Artxiboan gordeta dudana erabiltzen dut dagokion gaiari lotuta.
Zer daukazu grabatuta?
Abesbatzak egin dituen 36ko gerrari buruzko ekitaldiak, Xemeingo gaua, Euskal Herriko itzulia… Artxiboari orain ez diozu horrenbesteko garrantzia ematen, baina hemendik urte batzutara oroitzeko ondo dago, dena gordetzen da. Eusko Jaurlaritza Zinemaren bitartez super 8ko bobinak batzen ibili zen. Bobinekin bera geratu, eta DVDra pasatzen zituen. Gaur egunean Super 8 bat atzeratuta geratu da, traste handiegia da ipintzeko. Lehengo ohiturak, janzkerak eta zelakoak diren gorde nahi dute. Osabak egin du, eta ni egiteko nago.
Batzuk, orduan, Super 8an dauzkazu.
Aitarenak dira grabaketa horiek. Ni bideoagaz hasi nintzen VHSgaz. Orain dela 35 urte inguruko inauteriak ditugu etxean grabatuta, esate baterako.
Aitak utzi egin du, eta zuk jarraitu duzu, beraz, etxeko ohitura.
Bai. Beti gustatu zaigu guztiori. Ordu eta diru asko eramaten dituen zaletasuna da. Beharretik irten eta etxera joaten naizenean orduak eskaintzen dizkiot.
Denetarik grabatzen duzu, baina zeuri zer gustatzen zaizu gehiago?
Kultur ekitaldiak batez ere. Kirol ekitaldiak ere baditut. Esate baterako, Barroeta inauguratu zutenean ere bertan egon nintzen, baina kultura dut nahiago. Kultura daukagun gauzarik garrantzitsuena dela uste dut. Hala ere, Markina-Xemeinen edo inguruetan zer edo zer dagoela dakidanean hara joaten naiz, berdin da zer den.
Gero eta gehiago joaten zara ala aukeraketa bat egiten duzu?
Gero eta gehiago joaten naiz. Ez daukat astirik ezertarako. Mugikorrean egutegi bat egiten dut ekintza guztiekin oroitzeko.
Zer grabatzea gustatuko litzaizuke? Kontzerturen bat, esate baterako?
Kontzertu batzuk grabatu izan ditut. Txato Plato anaiaren taldearen kontzertu denak ditut grabatuta.
Jendeak zer esaten dizu kameragaz ikusten zaituztenean?
Herrian jadanik ohituta daude, ez zaie arraroa egiten. Hasieran, baina, pentsatuko zuten ea zertara joaten nintzen grabatzera, baina, azkenean, artxiboa herriarentzat da.
Zer egin nahiko zenuke artxibo guzti horregaz?
Egunen batean herriko grabazioak udalak gordetzea nahiko nuke. Merezi duela uste dut. Artxiboa gorde ahal du herrian egoteko. Apurka-apurka egingo dugula uste dut.