Dibertsitate funtzional fisiko eta sentsoriala duten seme-alabak dituzten gurasoek “indarrak batu” eta talde berria sortzea erabaki dute Ondarroan: Karenka. Guraso elkarteak, hain zuzen ere, bizitzako eta jendarteko esparru guztietan euren seme-alabentzako inklusibitatea eskatzen du. “Gure seme-alabek izan ditzaketen beharrei modu eraginkor batean aurre egiteko elkartu gara. Hain zuzen ere, haien eskubideak eguneroko bizitzako esparru guztietan bermatuta izan nahi genituzke”.
Gauzak bananduta egin ordez, elkarrekin egitea beharrezkoa dela deritzote. “Elkarrekin lan eginda, indarrak metatu, ideiak elkartrukatu, adorea partekatu eta erakundeen aurrean elkarturik aurkeztuko ginake. Azken finean, gure seme-alaben eskubide guztiak bermatzen direla ziurtatu nahi dugu”.
Karenka elkarteko gurasoak
2014ko azaroan hasi zen abantean talde berria,
Ondarroako Udalaren Ongizate Batzordearen babesarekin, eta elkarte bezala 2015ko ekainean eratu zen. Rakel Elu udal batzordeburuak azpimarratu duenez, taldea sortzeko ideia aurreko agintaldian sortu zen. “Herrian antzeko talde bat sortzeko premia zegoela ikusi genuen. Ume bakoitzak bere premiak baldin baditu ere, beste premia asko berdinak zirela konturatu ginen. Hainbat gurasogaz kontaktuan jarri, eta martxan hasi ginen”.
Taldea, oraingoz, bederatzi familiak osatzen dute, eta herrian antzeko beharrak dituzten beste familiei ere elkarteko ateak zabalik dituztela azpimarratu dute. “Jakin badakigu herrian familia gehiago daudela, eta edozer behar dutela ere hemen izango gaituzte, laguntza eta babesa emateko”.
Ondarroako Karenka guraso elkartea
Taldearekin harremanetan jarri nahi duten familiek honako helbidera idatzi dezakete: Karenka Ondarroako guraso taldea – San Ignazio kalea 23 – 48.700 Ondarroa (Bizkaia). Horrez gainera,
karenkaondarru@gmail.com posta elektronikoz ere eska daiteke informazioa.
Herri mailan eta eskualde mailan sortu den modu horretako lehen taldea da, eta etorkizunean sarea eskualde mailara zabaldu nahiko luketela nabarmendu dute taldeko kideek. “Horixe da gure hurrengo erronkarik nagusienetariko bat”. Era berean, euren helburuetako bat taldea bistaratu eta herriratzea ere bada. “Gure lana ezagutzera eman nahi dugu, eta horrez gain, sentsibilizazio kanpainak ere abantean ipini”.