Gaixorik dauden presoen senideek eta lagunek deituta, Guztiok daukagu gaixo dauden presoak etxerako giltza lelopean Etxera-Gunea deritzon “espazio fisiko iraunkorra” ezarriko dute Bilbon bihartik [urriak 20] barikura [urriak 23]. Bilboko Plaza Biribilean gaixo dauden presoak etxeratzeko eskatuko dute.
Hain zuzen ere, Ibon Iparragirre Burgoa larriki gaixorik dagoen presoari Bilbon egingo dioten epaiketaren hasierarekin bat egingo dute lau eguneko mobilizazioek, eta herritarren “inplikazioa” lortzea izango du helburu. Iparra Galdu Baik plataformak deituta, bihar [urriak 20], 10:00etatik 12:00etara, “legez kalean egon behar zuela exijitzeko, eta bitartean bere herritik gertuen dagoen kartzelan egon behar zuela bermatzeko” elkarretaratzea egingo da Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurrean.
Etxera-Gunearen aurkezpena, Bilbon. Argazkia: Iparra Galdu Baik
Jone Artola Etxerat presoen senideen elkarteko bozeramaileak eta Gotzon Iparragirre Iparra Galdu Baik plataformako kideak zapatuan [urriak 17] Bilbon egindako prentsaurrekoan nabarmendu zutenez, Etxera-Gunea “espazio ireki eta inklusiboa” izango da. “Gaixo dauden presoak etxeratzeko denok dugu giltza, eta egunotan, Bilboko Plaza Biribilean ehunka eta milaka giltzekin Madrilek itxita mantentzen dituen ziegetako ateak zabalduko ditugu”.
Etxera-Gunearen elementu zentrala giltza izango da. “Gaixo dauden presoak etxera ekartzeko giltza denok dugulako, norbanakoek zein modu kolektiboan gaixo dauden presoak behingoz Euskal Herriratzeko konpromisoak ezinbesteko direlako askatasun giltzez josiko dugu Bilboko erdi gunea. Denok daukagu giltza, guztiok gara giltza”.
Antolatzaileen arabera, “etengabeko mobilizazioa” izango da Etxera-Gunea, eta egunero, 12:00etatik 20:00etara, ekimen ezberdinak egingo dira. Hitzaldiak, elkarrizketak, musika emanaldiak, poesia errezitaldiak, tailerrak eta egingo dituzten beste hainbat ekimenetan parte hartzeko deia egin diote euskal jendarteari.
Etxera-Gunearen aurkezpena. Argazkia: Iparra Galdu Baik
Era berean, Etxera-Guneak iraungo duen egunetan elkarretaratzeak egingo dira egunero 12:00etatik 13:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.
Azkenik, barikuan [urriak 23], 19:30an, Bilboko Plaza Biribiletik irtenda egingo den manifestazioak borobilduko du ekimena.
Etxera-Gunea, egitaraua
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.