Bikale tabernako leiho handi biak marrazkiz beteta egongo dira hilabete osoan. Teresa Donearen jaietako 21. Margo Lehiaketan parte hartu zuten 56 artista txikiren lanak jarri dituzte ikusgai. Guztiek egindako lanak goraipatu dituzte, «zoragarriak dira» esanda.
Zapatuan eta domekan ospatu dira Atxondoa auzoko Teresa Donearen jaiak eta auzoa jendez bete da bi egunetan. Markina-Xemein eta bere inguruak margotzen ibili ziren zapatu goizean 4tik eta 11 urte bitarteko ume eta gaztetxoak, eta Bikale, udal arraindegia, Arretxinagako ermita, Zelaia, Vega eta beste hainbeste toki irudikatu zituzten.
Teresa Donearen jaiak, Markina-Xemeinen
Lau mailatan banatu zuten lehiaketa eta bakoitzean hiru sari eman zituzten: 4 eta 5 urte bitarteko sariak Peru Idoeta, Iraia Mendibe eta Manex Karegarentzat izan ziren; 6 eta 7 urte bitartekoak Leire Aretxabaleta, Alluitz Mujika eta Pello Idoetarentzat; 8 et 9 urte bitartekoak Paula Anta, Nahia Aldekoa eta Amets Burgoak eraman zituzten, eta 10 eta 11 urteko sariak Nerea Robles, Aitziber Lucas eta Asier Aretxabaletarentzat izan ziren.
Goizean margotzen ibili baziren umeak, arratsaldean jolasteko aukera nahikoa izan zuten. Txokolate goxoa jan eta Markina-Xemeingo Guraso Elkarteak ekarritako egurrezko jolasekin ibili ziren Bikale aurreko aparkalekuan prestatutako gunean.
Zumba saioa, Atxondoa auzoan.
Dantzarako aukera ere egon zen. Dzenana Usanovic-en eskutik zumba egiteko aukera eduki zuten aparkaleku guztia bete zuten ume, gazte eta nagusiek. Eskuak eta gorputzak mugituz, doinu ezagunekin batera eta bestera mugitu ziren gaztetxoak batez ere. Beti betiko erromeria egon zen, bestalde, Angel Eizagirre Angel Egia organo jolearen eskutik.
Buruhandiek ere arrakasta handia eduki dute jaietan. Hiru buru haundi txiki eduki dituzte eta umeen gozamenerako.
Guraso Elkarte, txokolate egile eta udalaren laguntza eskertu nahi izan dute antolatzaileek.