Domekan egingo dute Amoroto ezagutuz ibilaldia eta aurten berrikuntzekin datorrela iragarri du Amorotoko kultur taldeak.
Oraingo honetan, ibilbidearen barruan, udalerriko baserri abandonatu batzuk ezagutzeko irteera prestatu dute.
Goizeko 9etan Amorotoko plazan elkartu, eta adin guztietako herritarrak, denak batera abiatuko dira.
Moko eta Olaranbeko baserri abandonatuak bisitatu ostean, Sekoien basoan gaztetxoentzako orientazio jolasak egingo dituzte.
Bitartean, nagusiek ibilbidearekin jarraituko dute Sarkinbide eta Enpan baserriak ezagutzeko. Ondoren, hamaiketakoa jateko elkartuko dira berriro ere denak.
Eguerdirako paellada antolatu dute. 14:30etatik aurrera bilduko dira frontoian. Bazkaritarako apuntatzeko zerrendak, asteburuan, Egunsentin izango dira, eta asteartetik ostegunera, ostera, Herriko Tabernan.