Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarrari gaur [urriak 20] goizean Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegietan egin behar zioten epaiketa bertan behera geratu dela adierazi dute Iparra Galdu Baik plataformako kideek. Iparragirre salatu zuen eta ukabilkada eman zion beste presoa ez da aurkeztu epaitegira, eta hortaz, kasua artxibatzea erabaki du epaileak.
Plataformako kideek jakitera eman dutenaren arabera, fiskalak ez du Iparragirreren aurkako beste kargurik aurkeztuko. “Abokatuak eta fiskalak Ibonen aurkako
kasua artxibatu eta Ibon absolbitzea adostu dute, epaileagaz batera”.
Bestalde, Iparra Galdu Baik deituta epaitegi aurrean egindako elkarretaratzean jende asko batu da. 150 lagunek bat egin dute mobilizazioekin.
Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegi aurrean egindako elkarretaratzea. Argazkia: Iparra Galdu Baik
Iparragirre absolbitu egin badute ere, preso ondarrutarraren ingurukoak ez dira konforme agertu. “Honen guztiaren inguruko balorazio onik ezin dugu egin. Ibonek ez zuen ezer egin, beraz, derrigorrez absolbitu beharra zuten. Epaiak ez gaitu kontsolatzen, ez da justiziarik egin eta”.
Senideek nabarmendu dutenez gainera, “salaketa faltsu batean oinarrituta” eraman dute Iparragirreren aurkako kasua aurrera, eta
zer gertatu den argitzea besterik ez dute nahi. “Hau dena, Ibonek jaso zuen jipoiaren ondorioz dator, eta bera babestu beharrean, salaketa faltsu bat aurrera eraman ostean salatu zuten. Salaketa faltsu hori egiten zeinek lagundu zuen argitu nahi dugu. Era berean, Ibonek aurkeztutako salaketa zergaitik artxibatu zen argitu eta aztertu nahi genuke. Argi dago berak jaso zuela jipoia, baina horren inguruan ez da ezer egin”.
Jarraipen medikurik ez
Atzo [urriak 19], gainera, Txagorritxuko ospitalera eraman zuten Iparragirre. Bertan izan ziren lagunek eta senideek adierazitakoaren arabera, 35 minutu inguruko “ohiko kontsulta” bat izan zuen mediku bategaz. Ospitalean egon zen tartean ez zioten inongo froga medikurik egin. “Gure ustez, itxurakeria hutsagatik eraman zuten atzo medikuarengana bisitan. Bere osasun egoera larria dela esanda ere, ez zuten ez ospitaleratu, ezta frogarik egin ere. Are gehiago, medikuak jarraipena egin behar dela esan bazuen ere, ez diote beste probarik egiteko agindurik eman”.
Bere osasun egoera larria baldin bada ere, oraingoz Zaballako kartzelan preso jarraitzen du ondarrutarrak. Hala ere, erabakia noiz artekoa izango den ez dakite haren senideek. Euren iritziz, epaiketa bertan behera geratu denez, beste kartzela batera berriro lekuz aldatzen badute, “edozer gerta dakioken” beldur dira. “Aurreko astean Alcala Mecotik Zaballara lekuz aldatu zutenean, bidaia eta gero, zeharo jota geratu da. Lehen txarto bazegoen, orain bere egoera askosaz txarragoa da, eta egun gutxiren barruan beste bidaia bat egitera behartzen badute, txarrena gerta daitekeenaren beldur gara”.