Lekeitioko Marierrota Boleibol Taldeak 2015-2016 denboraldiko aurkezpen ofiziala egin zuen zapatuan Santi Brouard kiroldegian. Egunean zehar
partidak jokatzen aritu ziren maila desberdinetako taldeak. Gaztetxoenek Getxoko Aixerrotaren kontra jokatu zuten goizean. Kadete eta kadete – jubenil taldeek, ostera, La Salle eta Galdakao G hartu zituzten mendean etxetik kanpo.
2015/2016 denboraldiko Marierrota Boleibol Taldea. Argazkia: Marierrota Boleibol Taldea
Euskal ligako bigarren mailan jolasten duen nagusien aurkezpena arratsaldez izan zen. Partidua hasi aurretik, taldeak berotzen zeuden bitartean egin zuten aurkezpena. Nagusien taldeak Euskal Ligako bigarren maila A- ko bigarren partida jokatu zuten etxean. Ez zuen zorte gehiegirik eduki, Vasa Fortuna Donostiko taldearen aurka galdu zuten (0-3 / 17-25/14-25 eta 24-26).
Marierrotak bost talde izango ditu jokoan hasi berri duen denboraldian: Lehen eta bigarren urteko txikien taldeak, lehen eta bigarren urteko kadeteak eta nagusiak. Nagusien taldeak Euskal Ligako lehen mailan jokatuko du aurten, iazko denboraldian gora igotzea lortu eta gero. Beste guztiek Eskolarteko Ligan jokatuko dute, eta otsailean, Euskadiko Txapelketa ere bai. Denboraldiagaz amaitzeko hondartzako boleibol txapelketa jokatuko dute.
Aurten ere, herri mailako txapelketa bi antolatuko dituztela jakitera eman dute boleibol taldekoek: Gabon Kopa, abenduaren 28an, 29an eta 30ean eta Udako Hondartza Txapelketa, abuztuko lehenengo asteburuan.
Bestalde, nazioarteko txapelketa bat jokatzeko aukera ere izango dute Marierrotako jokalariek. Urtero irteera bat egiten dute kanpora, eta oraindik lekua zehaztu barik badaukate ere, irteera egingo dutela baieztatu du Aitor Txopiteak Marierrota taldeko entrenatzaileak. Txopiteagaz gain, Unai Garramiolak eta Aitor Zarragoitiak ere prestatuko dituzte Marierrotako jokalariak, eta aurten Udane Lauzirika ere izango dute taldean lehen urteko kadeteen entrenatzile modura. Unai Garramiola lehen urteko txikien entrenatzailea izango da, Aitor Txopitea bigarren urteko txikien arduraduna eta Zarragoitiak nagusien eta bigarren urteko taldeen gidaritza eramango du.
Nazioarteko irteera
Joan den denboraldian
bi bidaia egin zituen Marierrotak. Nagusiak
Elx-era (Valentzia, Herrialde Katalanak) joan ziren Aste Santuan eta beste guztiak
Espinho-ra (Portugal). Azken bidaia horren balorazio on-ona egin du taldeak bai emaitzei dagokienez bai eta esperientzia modura. Ekainaren 29tik uztailaren 6ra joan ziren Portugalera, eta azken egunean Oporto bisitatzeko aukera ere izan zuten.
Espinho-n (Portugal) jokatutako txapelketa. Argazkiak: Marierrota Boleibol Taldea
Brasil, Frantzia, Holanda, Mexiko, Angola… Herrialde ezberdinetako taldeek parte hartu zuten Espinho-ko topaketetan, eta esperientzia aberasgarria izan zela azpimarratu dute Lekeitioko boleibol taldekoek. “Boleibola eta beste kirol batzuk praktikatu eta beste talde batzuekin partekatzeko aukera eman zuen”, azaldu dute. Beraz, ondo pasatu eta beste taldeei ikusita jokoa hobetu eta gauza berriak ikasteko leku egokia izan zen taldearentzat.
Portugaleko bidaia ordaintzeko zozketa antolatu zuen Marierrotak, eta zenbaki saridunak joan den zapatuan, aurkezpen egunean atera zituzten.
1. Saria, Galiziara bidaia astebeterako,
1.794 zenbakia duenarentzat izango da, eta
2. Saria, Port Aventurara asteburu pasa
, 2.966 zenbakia duenak gozatuko du.
Portugaleko bidaia ordaintzeko egindako zozketa. Argazkia: Marierrota Boleibol Taldea