Ondarrutarren artean ikusmin handia sortu du Victoria ontziaren etorrerak. Goizean goizetik herrian zela azkar zabaldu da herritarren artean, eta asko izan dira Egidazu Kaira ontziaren erreplika bertatik bertara ikustera hurreratu direnak. Argazki kamerak hartuta, hainbat argazki atera dizkiote 26 metroko luzera eta 7 metroko zabalera duen ontzi beltzari.
Ontzia berez, eguerdian porturatu behar zen, baina Bordeletik bueltan haizea alde eduki dutenez, azkarrago heldu dira Ondarroa eta inguruetara. Hortaz, bertan behera geratu da txalupek eta arraunlariek egin behar zioten ongietorria.
Hain zuzen ere, atzo [urriak 20] gauerdian ailegatu zen. “Espero baino arinago ailegatu gara, eta itsaso zakarra genuenez, portura sartzea erabaki genuen. Itsaso txarra eta olatu handiekin gobernatzeko oso zaila da ontzia, beste batzuk baino askosaz zailagoa. Osterantzean, inguruetan bueltaka geratuko ginen agindutako ordua heldu arte”, azaldu du ontziko kideetako batek.
Agindu modura, 12:00etan herritarrek ongietorria egin diete ontziko kideei. Turrun hotsak eman dio hasiera ekitaldi xumeari, eta momentu horretan, ikurrina ere ipini dute ontziaren masta nagusian. Ostean, Kresala Kultur Elkarteko Iratz eta Aitz Urkiza dantzariek agurra egin diote Rosario Fernandez kapitainari eta beragaz batera ontzian etorri diren 14 kideei.
Dantzariak agurra egiten
Ongietorri xumearen ostean, Kalare Deuna Kofradiako areto nagusian eguneko ekitaldi nagusia egin dute. Ekitaldia hasi aurretik, besteak beste, ontziko kideek han jarritako zeuden ontzien maketak ikusteko aukera izan dute Patxi Etxaburu Ondarroako Historia Zaleak elkarteko presidentearen eskutik.
Jendaurrean egindako ekimenean izan dira Rosario Fernandez ontziko kapitaina, logistikako arduraduna eta kontramaisua. Eurekin batera, Josu Arrizabalaga Ondarroako alkatea, eta OHZko Maria Kruz Lekunberri, Patxi Etxaburu elkarteko presidentea eta Fernando Agirre egon dira.
Mari Kruz Lekunberri OHZko kidea izan da berba hartzen lehena. Zeharo hunkituta egon da ontzia herrian ikusteko aukera duelako, eta malkoei ezin eutsirik egon da. “Guretzat oso pozgarria da hau posible egitea. Fernando Agirre gure elkarteko kideak egindako lanari esker egin da, hein handi batean. Liburu eta dokumentu artean ibili da, eta berari esker jakin dugu Victoria ontziaren jabea ondarrutar bat zela”.
Lekunberrik gaineratu duenez, Munduari bira eman zion lehen ontzia ondarrutar batena zela jakitea herritar guztiak “harro egoteko moduko” berria da.
Rosario Fernandez Victoria ontziko kapitainak eman dio dokumentua Josu Arrizabalaga Ondarroako alkateari
Horren ondoren, Rosario Fernandez ontziaren erreplikako kapitainak Victoria ontziaren (Santa Maria, izatez) jabea ondarrutarra zela ziurtatzen duen protokoloaren kopia bat eman dio Josu Arrizabalaga Ondarroako alkateari. Sevillako artxibo historiko probintzialean dagoen dokumentuan idatzita agertzen denaren arabera, Santa Maria ontziko jabea Domingo de Apallua ondarrutarra zen.
Alkateak pozik jaso du ziurtagiriaren kopia. Arrizabalagak nabarmendu duenez, dokumentuak ziurtatzen duen datuak Munduko historian sartu du Ondarroa. “Gertakizun honek gogoratzen digu berriro, zelan izan ginen, garen eta izango garen itsasotik bizi den herri bat”.
Fernado Agirre
Jarraian, dokumentuak Ondarroarentzat duen garrantziaz aritu da Fernado Agirrek OHZko kidea. Besteak beste, zortzi hilabetez egindako ikerketa luzearen berri eman du Agirrek. Bere esanetan, ikerketa hasteko lehen argibidea Juan Gilen liburuan aurkitu zuen. “Hori ikerketaren hastapena izan zen, eta datu horri tiraka luze aritu ostean, beste guztia jakitea lortu nuen”.
Agirrek nabarmendutakoaren arabera, Magallanesek Munduari bira emateko erabili zuen ontzia Sevillako kontratazio etxeak konfiskatu egin zion Apalluari. “Teknikoek ezarritako prezioa eman zioten, 800 urrezko dukat, berak hasiera baten ordaindutakoa baino gutxiago”.
Victoria ontzia
Bestalde, bihartik [urriak 22] domekara [urriak 25] bitartean Ondarroako portura hurbiltzen denak, ontzia barrutik ere ikusteko aukera izango du. Egunero, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, bisita gidatuak egiteko aukera egongo da, doan.
Astehehenean irtengo du ontziak Ondarroako portutik, Santanderreko bidean.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.