Akarregi-Egixarreko ofentsiba ekarriko du gogora Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak
Aste honetan beteko da Akarregi-Egixarren 1936ko urriaren 21eko gertaera gogorren urteurrena. Hori dela eta Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak hitzaldi bi antolatu ditu. Lehenengoa barikuan [urriak 23] emango dute Etxebarriko frontoiko kultur aretoan, 19:00etan. Bigarrena, Markina-Xemeingo Plazabarripeko kultur aretoan izango da urriaren 31n, 12:00etan.
Akarregi-Egixarreko borroka, gerra Lea-Artibai ingurura iritsi eta hamabost egunera gertatu zen. “Gerraren lehen borrokak ziren eta tropa frankistak etorri ziren bidetik bidali asmoz ofentsiba sendo bat antolatu eta burutu zuten miliziano eta gudariek 1936ko urriaren 21ean Zulueta baserrien ingurutik hasi, eta Akarregin zehar Egixarreraino” azaldu dute Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideek.
Burutu duten ikerketatxoaren bitartez, ofentsiba horretako gertaera ugari argitu ahal izan dituztela jakitera eman du elkarteak. “Ofentsiba hartan, UGTko miliziano bizkaitarrak, EAE-ANVko gudari gipuzkoarrek (Euzko Indarra) eta kostaldeko herrietako gazte abertzaleak (Boga Boga konpainian antolatuta) borrokatu zuten; Mandiola, Oruntze ingurutean zeuden Nafar Brigadei min handia eraginez”.
Elkartekoek jakin izan dutenez, ofentsiba oso latza izan zen, tropa frankistak kanporatzea lortu ez bazuten ere, lerroa finkatzea eta Egixarrerainoko eremua berreskuratzea lortu zuten. “Baina borrokalari haien baloreek, determinazioak eta erabakiak, konpromisoak, 1936ko urriaren 21ean geratutakoa zuei guztioi kontatzeko beharrera eraman gaitu”, azpimarratu dute.
Irudiez lagunduta
Hitzaldietan, gertaera hori kokatzen lagunduko duten irudiak, dokumentuak eta bideo pasarteak aurkeztuko dituzte; hala ere, protagonista nagusiak gertaera hau kontatzen duten testigantzak izango direla aurreratu dute, Ahaztuen Oroimenaren webgunean agertzen diren testigantzen zerrendako batzuk. “1936ko urriaren 21eko ofentsibaren lekuko izan ziren etxebarritarrak eta markina-xemeindarrak”.