Ibon Iparragirre, Hassanna Aalia eta pintaketen gaineko mozioak onartu ditu Lekeitioko Udalak
Batzokian agertutako pintaketen mozioa aurkeztu zuen Lekeitioko EAJko udal taldeak hasteko. Aurtengo irailaren 27an batzokiko hormak pintadaz beteta agertu ziren. “EAJ alderdiarekiko mezu gogorrak agertu ziren, hala nola PNV sutara. Pintada horien artean terrorismoa goraipatzen zituzten mezuak ere irakurri ahal ziren eta baita ETAko kideak gudariekin parekatzen zituztenak ere”, azaltzen dute mozioan, eta Lekeitioko Udaleko kideek herrian agertutako eraso eta mehatxu horiek guztiz gaitseztea eskatzen dute, “demokrazian sinisten dugulako eta edozein motatako biolentziaren kontra gaudelako”.
EAJko udala taldearen bozkekin onartu zen pintaketen gaineko mozioa, EH Bildu abstenitu egin zelarik.
Bigarren mozioa Ibon Iparragirre preso ondarrutarraren egoerari buruzkoa izan zen, eta mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak.
Lekeitioko Udalak bere kezka agertu zuen Ibon Iparragirre euskal preso gaixoak pairatzen duen egoera larraiaren aurrean eta euskal presoa Euskal Herriko kartzela batean mantentzea eta Osakidetzan edo bere gertuko eta konfiantzazko mediku batek bere osasun egoera hartatzea eskatu zuten. Hori exijitzeko, zapatuan, 12:00etan Etxean nahi dugu lelopean egingo den elkarretaratze ixilera deitu zuten.
Azken mozioa, Hassanna Aalia saharar ekintzailearen babes politikoari buruzkoa ere, aho batez onartu zuen udalak.
2015eko urriaren 6an Poliziak Hassanna Aalia saharar ekintzailea egozteko aginduaren aurrean, Hassanna Aaliaren atxiloketa eta Bame Mínisteritzaren partetik Espainiar estatutik kanporatzeko agindua eta asilo politiko eskaria ukatzea arbuiatzen duela adierazi dute EH Bildu eta EAJ talde politikoek. Gainera, berriro ere, Barne Ministroari dei egiten diote Hassanna Aaliari babes politikoa emateko eskabidea berraztertu dezan, nazioarteko babesa emateko egin duen eskaera onartuta, 12/2009ko Legean onartutakoaren arabera. “Izan ere, hura bere herrialdera bueltatzen bada, Marokoko agintaritza okupatzaileak zigor gogorra ezarriko dio eta, honezkero, ez da kartzelatik bizitza osoan irtengo. Berak politika arloan nazioarteko aitorpena jasotzeagatik eta saharar herriaren autodeterminazio eskubidearen alde modu baketsuan borrokan dabilen pertsona aktiboa izateagatik sortu da honako egoera hau”, adierazten dute mozioan.