Herriko kulturaren bilgune izateko asmoz sortu zen Uhagon kulturgunea. Zeuden kultur eta kirol eragileei espazio berri bat eskaini eta herriko aisialdi eta kultur egitasmoak indartzeko, herritartasuna eta partaidetza ardatz izanik. Markina-Xemeindarren eta udalaren bultzadaz aurrera egin zuen egitasmo harek hamar urte bete ditu eta egun osoko jaiagaz ospatu nahi dute zapatuan [urriak 24].

Jendea ikuskizun bat ikusten kulturgune kanpoan 2007ko irailean. Argazkia: Uhagon Kultur Elkartea
Hamar orduko egitaraua prest dago, eta herrian dagoen kulturaren erakusgarri txiki bat izango dela aurreratu dute. «Kultur mugimendu oparoa daukagu herrian eta horren adibide txiki bat izango da», azaldu dute Uhagon kulturgunea kudeatzen duten Aintzane Gandiagak eta Tere Bringasek.
Oxillain burdinolara egingo den bisita gidatuagaz hasiko da jaia. Pedro Bernardo Villareak de Berrizen lanaren berri bertatik bertara jakiteko aukera izango dute bisitan parte hartzen dutenek. Kulturgunean, bestalde, adin guztientzako arte tailer irekiak egongo dira goizean.
Emanaldiak
Zirko tailerrak eta zuzeneko emanaldiak beteko dute arratsaldea. Zirku-arteetara hurbilduko ditu herritarrak Xabi Larrea artistak eta ondoren musika, dantza, kantua, bertsoak, eta antzerkia egongo dira herriko beste hainbat elkarte eta artisten eskutik.
Horretaz gainera, Uhagon kulturgunearen hamar urteetako ibilbidea laburtzen duen bideo bat ere emango dutela jakitera eman dute kulturguneko kudeatzaileek, eta jaiagaz amaitzeko mokadutxoa hartzeko aukera ere egongo da. Egun guztian zehar egongo da, bestalde, urte guzti horietako argazki sorta ikusteko aukera ere.
Uhagon kulturgunearen filosofiari jarraituz, herritar guztientzako bilgune izango da beraz, zapatuan ere Markina-Xemeingo kulturgunea, herritarrak kulturaz blai egiteko lekua.
EGITARAUA
11:00. Bisita gidatua (Oxillain).
12:00. Interbentzio artistikoa terrazan.
16:30-18:30. Zirko tailerrak: Malabareak, oreka, akrobaziak…
19:00. Zuzeneko emanaldiak:
- Bertso eskola
- Abarka antzerki taldearen Konposta operazioa
- Musika, kantua eta dantza: Pablo Arrieta (gitarra), Ianire Krutxaga (biolina), Ivan Sierra (perkusioa), Itxaso Jaio (ahotsa), eta Ianire de Andres (dantza)
- Julen Mandiola, gitarra elektrikoa
- Bideo emanaldia.
20:00ak inguruan. Luntxa.
Ondoren. DJ saioa EUP! irratiaren eskutik (DJ Margarita).