Beste hamar urte gehiagotan, gutxienez, kultura sortzen, partekatzen eta bizitzen jarraitu nahi dutela argi utzi zuten markina-xemeindarrek Uhagon kulturgunearen 10. urteurren jaian. Kulturguneko terraza bete-beteta egon zen zapatu osoan [urriak 24], adin guztietako herritarrekin.
Ume eta gurasoek apaindu zuten terraza goizean, Nerea Unanua eta Deiene Gartzia sortzaileekin batera. Sokaz jantzi zuten arbolapea eta irudiez apaindu kulturgunea. Osteko etxola ere margotu zuten itxura berritua emanez.
Ume eta nagusiak arratsaldeko zirko tailerrean parte hartzen.
Zirkoko pista bihurtu zen arratsaldean terraza. Malabareak airean ipini, platerak dantzan jarri eta oreka mantendu nahian ibili ziren ume, gazte eta nagusiak hankapalo eta gurpilen gainean. Xabi Larrea artistaren eskutik akrobaziak egiteko aukera ere eduki zuten ume, gazte eta ausartu zen nagusiren batek ere kulturguneko lehen solairuan. Koltxoneta handien gainean era askotako txiribuelta eta jauziak egin zituzten.
Gimnasia ariketak ere egin zituzten gaztetxoek koltxoneten gainean. Buruz behera jarri eta oinak gorantz eman zituzten bueltak.
Zuzeneko borobila
“Markina-Xemein bizia dela inork ez du ukatuko”, esan zuten bertsotan arratsaldeko zuzeneko emanaldien hasieran. Bertan egon zirenek behintzat, ez dute egingo, herriko kultur emari oparoaren testigu izan ziren eta. Izan ere, herrian dagoen kulturaren erakusgarri txiki bat izan zen zapatuan, kulturgunea. Bertso eskolakoen bertsoekin hasi eta antzerki, musika eta dantzak ikusi eta entzuteko aukera egon zen, guztia herriko artisten eskutik.
Abarka antzerki taldeak irrifarrez bete zuen terraza. Euren bidez jakin zuten herritarrek, Guardia Zibilak Uhagonetik alde zuela baina, zabor edukiontzietan jarraitzen duela Konposta Operazioaren baitan informazioa bilatzen. Den denagaz ondo enteratzeko, kontainer barruan jarraitzen dute Miguel eta Unai guardia zibilek arrastoen bila eta ez dute handik mugitu nahi. Eskaleak, bitartean, zaborrak batu eta bere etxea, edukiontzia, garbi mantentzeko eskaria egin zieten herritarrei.
Abarka antzerki taldearen Konposta Operazioa antzezlana.
Julen Mandiola igo zen ondoren, kulturguneko terrazako oholtza gainera, eta gitarra elektrikoaren doinuak zabaldu zituen, lau kantako kontzertu txiki zoragarria eskainiz.
Musika, dantza eta kantua uztartu ziren hurrengo emanaldian. Pablo Arrietaren gitarrak, Ivan Sierraren perkusioak, Janire Krutxagaren biolinak, Itxaso Jaioren ahotsak, eta Ianire De Andres eta Miren Iraetaren dantzak bat egin eta ikuskizun eder bat oparitu zieten terraza betetzen zuten ikusleei.
Azkenik, kulturgunearen hamar urteak gogoratzeko, Mikel Unamunzagak prestatutako bideo txiki bat eman zuten.
Hamar urtetan kultura arnastu da Uhagonen eta horrela jarraituko dutela azpimarratu zuten, beste hamar urte barru berriz elkartzeko gonbitea eginez.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.