115 kantuzale batu ditu Hego Haixe kantu bazkariak
Dantxarineako kantu bazkarien ereduari jarraituz antolatu dute aurten ere, Markina-Xemeinen, Hego Haixe kantu bazkaria, eta arrakasta handiz ospatu da bigarren urtez ere. Iaz baino kantuzale gehiago batu ditu ekimenak; 115 lagunek egin zuten kantuan et...
Leku askotako jendea batu zen, gainera, kantu zaharrei errepasoa emanez mahainguruan ongi pasatu eta gustura egoteko. Itziar, Azpeitia, Ondarroa, Markina-Xemein, Etxebarria eta Nafarroatik etorritako talde bat ere bazegoen besteak beste mahai inguruan.
Euskal kantu tradizionalak berreskuratzea helburu duen kantu bazkarien sortzaile eta sustatzaile nagusia den Angel Mariezkurrena izan zuten gidari, eta Aitor Ibarra Jalisco eta Francisco Santxotena musikari nafarren eta Etxebarriko Mirari Azkune soinujolearen doinuekin lagunduta egin zuten kantuan bai eta dantzan ere.
Umorerik eta festarako gogorik ez zuten falta izan eta ezuztekoren bat ere egon zen. Ondarroako Argoitia neba-arrebak euskal musika taldeko Irune Argoitiak hartu zuen parte bazkarian eta kanta batzuk eskaini zizkien bertan batutakoei.
Kantu giro onagaz gainera, janariaak ere badauka garrantzia kantu bazkari batean, eta Pedro Aranguren eta Mari Uriartek sukaldatzen egindako lana eskertu zuten parte hartzaileek txalo zaparrada bero bategaz.
Iluntzera arte luzatu zen jaia.