
Urriaren 10ean Aldaka auzoan egindako batzarra.
Irailaren 26tik urriaren 17ra bitartean herritarrekin zenbait bilera egin dituzte udaleko ordezkariek. Udala “hurragokoa” egiteko eta auzoekin hartu-emana sendotzeko asmoz bildu dira, eta haien burua bizilagunei aurkezteagaz batera, lekuan lekuko arazoen berri jaso dute.
“Orokorrean egin dugun balorazioa nahiko positiboa izan da. Pozik gaude; jende askok parte hartu du, nahiz eta aldea igarri dugun auzoen eta herriguneen artean”, zehaztu du Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateak.
Azaldu duenez, herrigune bietan, bai Munitibarren eta baita Gerrikaitzen ere jende gutxiagok parte hartu du. Eta ostera, auzoetan baserriak sakabanatuta egon arren, jende gehiago batu da batzarretan: “Auzo guztietan baserri bakoitzetik gutxienez bizilagun bat etorri da”.
Auzotarrekin egindako bileretan bi gai edo kezka nagusi helarazi dizkiete. Alde batetik, auzo bideen inguruan aritu ziren, eta beste alde batetik, ur zerbitzuari buruz.
Auzo denetan errepikatu diren kontuak izan direla dio alkateak. Errepideei dagokienez, bide batzuk arriskutsu daudela eta beste batzuetan asfaltoa edo gaineko geruza apurtzen hasi dela esan diete.
Bestalde, ur zerbitzuari dagokionez, ur-partzuergoagaz duten errefrakzioa eta herritarrek erabiltzaile moduan ur-patzuergoagaz duten erlazioa izan dituzte hizpide. “Askotan kexatzen dira gauzak hondatzen direla, eta uraren hornikuntza ez datorrela ondo. Gainera, sarritan ez dute izaten erantzun arin bat ur-patzuergoaren aldetik”.
Harreragaz pozik
Herrian lehenengoz egin dituzte auzo batzarrak, eta izandako harreragaz pozik daudela dio alkateak: “Pozik eta gustura gaude izan dugun harreragaz, ikusi dugu aintzat hartu gaituztela, eta sekula egin bako gauza bat izan da eta gustura gaude ondo irten delako”.
Aurretik aipaturiko bi kontu horiek izan dira bileretan gehien aitatu dituztenak. Besteak gauza “puntualak edo anekdotazkoak” izan direla azaldu du. Esaterako, leku jakin batean iturriren bat ondo egongo litzatekeela eta txukuntasunaren eta garbitasunaren inguruko kontuak aipatu dituzte.
Aurrekontuaren arabera
Goikoetxeak adierazi duenez, dagoeneko hasi dira errepide batzuk ahal duten neurrian konpontzen. Izan ere, aurreko legealdian onartutako aurrekontua dute momentuz, eta urte amaiera arte aurrekontu horrekin moldatu beharko dute.
Aurreko astean ekin zieten bide batzuk konpontzeari. Asfaltoan txaplatak edo adabakiak jartzen dabiltza ia auzo guztietan: Aldakan, Gerrikaitzen, Totorikara bidean, Gernika-Lumora bidean… “Aurrekontuaren egoeragatik mugatuta gaude egon ere, eta aurten egiten ez duguna datorren urteko aurrekontuan sartzeko asmoa daukagu”, azaldu du udalerriko alkateak.
Batzarren emaitzagaz pozik daude, eta ekimenari jarraipena emateko asmoa dute, urtero halako batzarrak eginda: ” Balorazio positiboa da, eta gure asmoa da auzoetako erronda hori behintzat urtero egitea. Guretzat inportantea eta mesedegarria da bizilagunen ahotik zuzenean entzutea zein premia dagoen auzo edo leku bakoitzean”.