Peru Abarka Album Lehiaketako hamargarren lana, kalean

Josune Baskaran Markina-Xemeingo Udaleko zinegotzia, Belen Lucas ilustratzailea, Leire Arano idazlea eta Mari Eli Ituarte epimahaikidea ‘Betiko atzo?’ lanaren aurkezpen ekitaldian.
“Bederatzi lan aurkeztu dira, ez da asko, baina beharbada saritutako testua ez da erraza, bazeukan zailtasun berezi bat”.Epaimahaia, Borja Bujan ilustratzaileak, Ima Mendiola Ibaizabal argitaletxeko ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoak eta Mari Eli Ituarte berak osatu dute. “Ez zen izen bat ere erraza izan ilustratzailearen lana aukeratzea. Nahikoa eztabaida eduki genuen bi-hiruren artean ibili ginelako zalantzan, baina, azkenean Belen Lucasen lana aukeratu genuen”. Belen Lucasena oso lan ausarta zela eta pertsonaia nagusiagaz zegoen gorabehera oso ondo gainditzen zuela azaldu zuen Ituartek. “Testua detaile askorekin aberastu du, oso lan biribila da bere proposamena eta koloreak, testurak eta orrialdeak konposatzerako orduan ere asko arriskatu du. Pertsonaia nagusiak eta eszenak inspiratzaileak dira eta testuak iradokitako interpretazioekin bat datoz”. Lanaren sorrera Betiko atzo? idatzi zuenean bolada tristea zeukala aitortu zuen Leire Aranok, ezer berezirik ez zeukan baina triste zegoen. Beraz, pare bat astetan jai hartzea erabaki zuen eta interneten zebilela Imanolen abesti bategaz topo egin zuen.
” Ez naiz ni beti oso Imanol zalea izan, baina abesti hau entzun nuen eta hitzak sartu zitzaizkidan kaskezurreraino. Behin eta berriro entzun nuen, eta horrek sortu zuen gero testua. Nire ikuspegitik eta nire momentu hartako egoeratik idatzi nuen testua, eta nik azaldu barik uste dut hoberena norberak irakurtzea eta norberak bere ikuspegitik interpretatzea dela”.Belen Lucasek ere hori egin behar izan zuen eta bete-betean asmatu zuela azpimarratu zuen Leire Aranok. “Esan behar dut magikoa izan dela, kolore batzuk pentsatu nituen eta horiek eramango ditu”. Ezusteko handia izan zen bai eta Aranorentzat pertsonaia. “Belenek sortu duen pertsonaian ez dut ikusten ez aberats bat ez pobre bat, ez dut ikusten polita edo itsusia den, ez dut ikusten zaharra edo gaztea den eta batez ere ez dut ikusten ez gizon bat ez emakume bat. Hori da testuan garrantzi handia duen zerbait eta azken denbora luzean nire bizitzan ardatzetako bat bihurtzen ari dena: gizon edo emakume izateak guretako bakoitzarentzako daukan pisua”, zehaztu zuen. Ilustrazioa Yolanda Mosquera ilustratzaileagaz topo egin izanak jarri zuen Belen Lucas Peru Abarka Album Lehiaketara bidean. Etxerantz zihoala lehiaketari buruz hitz egin zuten biek eta etxera heldu zenean oinarriak begiratu zituen. Hori izan zuen sorrera. “Istorio guzti hori garatzea konplexua zela iruditu zitzaidan hasiera batean, baina zirikatzen joan nintzen. Pertsonaia bere buruagaz hitz egiten dago istorio osoan, ez da erlazionatzen, tristura eta bakardadea bizi ditu eta inguruagaz oso sentsible dago. Baina istorioa behin eta berriz irakurrita nire ikuspegia aldatzen joan zen. Sentimendu eta sentsibilitate handiko testua zela iruditu zitzaidan eta edertasun handiko irudiak etortzen joan zitzaizkidan”. Pertsonaia baino bere inguruko giroa irudikatzea egin zitzaiola gaitzena aitatu zuen Belen Lucasek.
“Ilustratzaile modura garrantzitsuena, argi izpi batzuk ezartzea zela pentsatu nuen, hasiera batean istorio triste bat dirudienari eguna argitu arte laguntzeko”.Ilustrazioak collage teknikagaz egin ditu, oihalak, testuen argazkiak, marrazkiak, tinta, eta era askotako paperak erabiliz. Gero, hori guztia ordenagailuz tratatu zuela jakitera eman zuen. “Liburu hau berezia da niretzat nire ibilbidearen atal guztiak batzen ditu eta. Album honek nire egitearen aldaketa bat adierazten du”, aitortu zuen ilustratzaileak.




























