
Txantxangorriko kideetako bat, iazko Gaba Beltzan
Gabarik beltzenak biziko dituzte asteburuan mutrikuarrek. Aurten, bi eguneko egitaraua antolatu dute Mutrikuko Gaba Beltza ospatzeko. Barikurako eta zapaturako, herritar eta gustu guztietantzako egitaraua prestatzen saiatu dira antolatzaileak.
Ekimenak bariku arratsaldean hasiko dira, 16:15ean, hain zuzen ere. Txantxangorrik ume eta gazteentzako ekitaldi beldurgarriak antolatu ditu. Zabiel plazan elkartuko dira, eta arratsalde odoltsuari hasiera emango diote. Ondoren, Gure Ametsa Dantza taldeak, txistulariak eta akordeoilariak Axuri Beltza kalejira iluna egingo dute herriko kaleetatik. Beheko plazan bukatuko dute. Han, herriko gazteek
Talaixako mamua uxatzeko espraikada egingo dute.
Zabiel Kultur Etxea ere sorginduta egongo da barikuan. Bertaratzen direnek, beldurrezko zine maratoiarekin disfrutatu ahalko dute, 21:00etatik aurrera.
Zapatuan, aldiz, Esti Garagarzaren eskutik, umeentzako munstro makilaje saioa izango da, udaletxe azpian, 17:00etan hasita. 19:00etatik aurrera Sorginek hartuko dute herria, kalez kale ibiliko dira herritarrak beldurtzen. Dantzatzen bukatuko dute Gaba Beltza. Lehenengo, umeentzako diskofesta egongo da; ondoren, nagusien txanda izango da.
Kolore laranjaz jantzita
Aurten Gaba Beltza laranjaz jantziko dute Zubixa Libre dinamikako aldeko ekimenek. Azaldu dutenez, «Libre dinamikako herritarrok ez gaude geldik egoteko, eta oraingo honetan, Gaba Beltzari kolore laranja ere emango diogu. Goazen inguruan dabiltzan mamu danak (Espainiako Auzitegi Nazionala, epaileak…) uxatzera!».
Bertso afaria egingo dute bihar, 21:30ean, Zubixan. Bertso afarian izena eman nahi dutenek Zubixan bertan izango dute izena emateko zerrenda. Zapatu gauerako, berriz, kontzertuak antolatu dituzte Gaztetxean.
EGITARAUA
URRIAK 29, BARIKUA. Gaba Beltza beldurgarria Txantxangorrirekin, Zabiel Plazan.
– 16:15-17-15. Haur Hezkuntza.
– 17:45-18:45. LH 1, 2 eta 3.
– 19:00-20:00. LH 4,5 eta 6.
– 20:00. Axuri Beltza Dantza Taldea kalez kale. Ondoren, herriko gazteek antolatuta, Talaixako mamua uxatzeko espraikada.
– 21:00etatik aurrera, Zabiel Kultur Etxean, beldurrezko zine maratoia, doan: Mama eta El Exorcista filmak. Ondoren, 2014.urtean Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko zinemaldiaren film laburrak jarriko dituzte.
URRIAK 30, ZAPATUA.
– 17:00-19:00. Monstruo makilaje saioa, umeentzako.
– 19:00. Sorginak ikuskizuna, kalez kale, plazatik aterata.
– 20:00-21:30. Beheko plazan, umeentzako dantza festa.
– 23:00-01:30. Sustrai Doinuak-en diskoteka.
LIBRE DINAMIKA
URRIAK 29, ZAPATUA.
– 21:30. Bertso Afaria Zubixan Xabat Galletebeitiarekin eta Ander Elortegirekin.
URRIAK 30, ZAPATUA.
– 22:00. Kontzertuak Gaztetxean: Izerberg, Dama eta Txibikorañi.