Karlos Zurutuza gatazka armatuetan aditutako kazetariak Siriako errealitatearen berri emango du bihar eguena [urriak 29] 19:00etan, Uhagon kulturgunean. Kurduen egoeratik abiatuta azalduko du Zurutuzak, lehen pertsonan bizi eta ikusitakoa.
Karlos Zurutuzak Uhagonen emandako hitzaldia. Argazkia: Uhagon
Sirian gerra piztu zenetik, gobernua nahiz oposizioa aurka dituztela, herrialdeko kurduek autogestioaren aldeko apustu sendoa egin dutela kontatuko du Zurutuzak Kurduak Siriako Anabasaren aurrean izeneko solasaldian. «PKK alderdi kurduaren ideologiari eutsiz, Ekialde Hurbilean erabat iraultzailea den proiektu autonomo bat jarri dute abian. Eskualde osoan zehar zabaltzen ari den anabasaren aurrean, beraiena liteke irtenbide bakarrenetako bat», dio kazetariak.
Irudiez lagunduta
Karlos Zurutuza gatazka armatuetan aditutako kazetaria da eta Gara, Al Jazeera, eta Vicenews-en ohiko kolaboratzailea. Besteak beste, Afganistan, Irak, Libia eta Siriako gerrak berta-bertatik ezagutu eta jorratu ditu erreportari donostiarrak.
Sirian sei aldiz egon da. Izan ere, gerra piztu aurretik hasi zen bertako gutxiengo kurduaren jarraipen estua egiten.
Emanaldia proiekzio bategaz lagunduta egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.