Domekan [urriak 25]
zumba ekitaldi erraldoia egin zuten Mutrikuko kiroldegian. 170 bat parte hartzaile batu ziren
Angel Sindromearen Elkartearen alde egindako ekimen solidarioan. Horiez gain, ikusle modura harmailetan egon ziren beste 80 bat lagunek ere bat egin zuten ekimenarekin.
Joseba Antxustegi Angelman Sindromearen Elkartearen Mutrikuko ordezkaria pozik agertu da ekitaldiak izan duen arraskatarekin eta oihartzunarekin. Elkarteak Mutrikun horrelako ekitaldi bat antolatu duen lehen aldia izan da, eta balorazio positiboa egin dute. “Jendea oso gustura ikusi genuen, eta datorren urtera begira ekimena errepikatzeko gogoekin geratu gara. Herritarren aldetik babes handia jaso genuen, eta horrekin oso pozik gaude. Gure asmoa, batez ere, gaixotasuna ezagutara ematea eta jendea sentsibilizatzea zen, eta hori hein handi batean lortu dugula uste dugu”.
Are gehiago, ekimenak arreikuspen guztiak bete dituela nabarmendu du Antxustegik. “Hasiera batean, 125 bat lagun batzea espero genuen, baina azkenean, hori eta gehiago etorri ziren”.
Domekan Mutrikuko kiroldegian egindako zumba maratoi erraldoia. Argazkia: Joseba Antxustegi
Parte hartzaileek eskola magistrala probatzeko aukera izan zuten, hainbat tokitatik etorritako irakasle ezagun eta esperientzia handikoekin batera. Unai Centeno mutrikuarraren, Marta Formosoren, Seluco Fernandezen, Raquel Garciaren, Idoia Sanchezen, Maykel Rodriguezen eta Itziar Vall irakaslearen esanetera, bi ordu pasatxoko saioa egin zuten.
Irakasleak ez eze, parte hartzaileak ere toki askotatik etorritakoak izan ziren. “Batez ere, Mutriku eta inguruetako herrietako bizilagunak batu ziren. Ondarroa, Markina-Xemein eta Lekeitiotik, esaterako, jende asko etorri zen”.
Ekitaldi bukaeran ateratako argazki erraldoia. Argazkia: Joseba Antxustegi
Ekitaldi bukaeran parte hartzaileek, irakasleek, ikusleek eta elkarteko kideek argazki erraldoia atera zuten. Angelman Sindromearen Elkarteko kideek guztien parte hartzea eskertu nahi izan dute. Horien guztien artean, bereziki, Unai Centeno iraskasle mutrikuarraren laguntza eskertu nahi izan dute. “Ekimena egiteko ideia berea izan zen. Mutrikun
zumba eskola magistral bat antolatzeko asmoa zuen aspalditik, eta gurekin harremanetan jarri ondoren, ekitaldia solidarioa bihurtzea bururatu zitzaion”.
Era berean, maratoian parte hartu zuten irakasleek oparia jaso zuten elkarteko kideen eskutik. Hain zuzen ere, orain gutxi argitaratu den
Vivir con un Angel liburu bana jaso zuten zazpi irakasleek. Angelman Sindromea duten 25 lagunen esperientzia kontatzen du liburuak, tartean, Antxustegitarrena. Bertan, besteak beste, familiek euren eguneroko bizipenak kontatzen dituzte.