Autodefentsa feminista ikastaro bat.
Herriz herri emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz pauso “zehatzak” ematen ari dira, 2013an onartu zuten berdintasun plana gauzatzeko helburuarekin.
Izan ere, Lea Ibarreko Mankomunazgoa osatzen duten udalerriek elkarrekin egin zuten Lea Ibarreko Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Plana, eta berdintasun alorrean aurrera egiteko indarrak batu dituzte.
Herri bakoitzeko errealitatea kontuan hartuta jarduera ugari burutu dituzte, eta datozen hilabeteetarako ere zenbait ekimen prestatu dituzte. “Herri desberdinak gara, eta errealitate desberdinak ditugu, beraz, bakoitzak posible dituenak burutuko ditu”, zehaztu dute Lea Ibarreko Mankomunazgoaren Berdintasun batzordetik. Jarduera batzuk Leako berdintasun batzordetik antolatu dituzte, hau da, udalerri guztiek elkarlanean, eta beste batzuk, ostera, herri bakoitzak bere kontura.
Berdintasuna lortzeko bidean eman behar eta ematen diren pausoak modu “transbertsalean” eman behar dituztela argi dute. Hala, Berdinbidean Bizkaian egitasmoan parte hartzen dabiltza. 2014an, hizkuntza eta irudiari dagokion lehen lan ildoa garatzeko konpromisoa hartu zuten, eta aurten, berriz, sexuaren araberako aldagaien bigarren lan ildoa garatzekoa hartu dute.
Halaber, azaldu dutenez, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea helburu duten proiektuak aurrera eramateko Bizkaiko Foru Aldundiari diru laguntza eskatu diote aurten ere.
Ekimen ugari
Asko dira dagoeneko egin edota martxan dituzten jarduerak. Uztailaren 31an, esaterako, Lea Ibarreko II. bizikleta martxa mistoa egin zuten. Bost udalerriek elkarlanean antolatu zuten Aulestitik Karraspiorainoko bizikleta martxa. Era beren, herri horietako jaietan eraso sexualak eragozteko kanpaina ere egin zuten.
Halaber, hilabete honetan zehar Hezkidetza programaren barruan gurasoentzako hitzaldiak (
Hezkidetza eta Genero Indarkeria izenburupean) egiten ari dira herriz herri. Azken hitzaldia barikuan (hilak 6) izango da Aulestiko herri eskolan, 18:00etatik aurrera.
Bestalde, urritik abendura bitartean, Emagin elkartearen laguntzarekin Politika Feministarako ikastaroan parte hartzen dabiltza udaletako langileak eta politikariak. Hilero saio bana egingo dute udal langileek eta politikariek, aldiz, azaroan eta abenduan saio bana egingo dute, Gizaburuagako Eguneko zentroan.
Autodefentsa feminista ikastaroa
Azarorako ere asko dira prestatu dituzten ekitaldiak. Datorren astean, azaroaren 7an (zapatua), nagusientzako autodefentsa feminista ikastaroa egingo dute Aulestin (ez da aurretik izena eman behar).
Hala, udalerri berean gazteei zuzendutako hezkidetzaren inguruko ikastaroa egingo dute:
Mugak lausotzen. 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara elkartuko dira Aulestiko erabilera anitzeko gelan.