Eguraldi eta giro paregabeagaz ospatu zen zapatu arratsaldean 8. Lekitto Bixirik Herri Krosa. Beste behin ere, ume zein nagusi asko batu ziren, herriko kaleetan zehar, kirolagaz gozatzeko asmoz.
Denetara 134 kirolarik egin zuten korrika: 72 nagusik eta 62 umek.Umeak izan ziren oinak astintzen lehenengoak. Abadeen molla eta portuan zehar egin zuten aringa-aringa, gogotsu. Nagusiak, berriz, herrian zehar ibili ziren 5.500 metroko distantzia osatuz.

8. Lekitto Bixirik Herri Krosseko parte hartzaileak. Argazkia: Garraitz Kirol Taldeko kirolariak
Garraitz Kirol Taldeko kirolariek hartu zuten antolaketaren ardura 2013an, baina hasierako filosofia bera mantendu dute azken hiru urteetan ere: herritarren parte hartzea eta kirola bultzatzeko konpromezua. Beraz, amaieran, ume guztientzako egon zen opari berezia eta lasterketa luzeko partaideentzat kamiseta eta askaria.
Bakoitzak bere erritmora amaitu zuen lasterketa, bizkorrago edo lasaiago. Mutilen artean, Ibon San Migel (17′ 46”), Ibon Bengoetxea (18’07”) eta Ander Okamika (18′ 13”) izan ziren lehenak helmugaratzen, hirurak lekeitiarrak. Nesketan, ostera, Araitz Villa abadiñarra (22′ 40”), Eider Gorritxategi durangarra (23′ 40”) eta Maitane Gezala Elorriokoa (24′ 41”) izan ziren lehenak.
Lekitto bixirik herri krossa SAILKAPENA
Parte hartzaile, laguntzaile eta animatzen egon ziren guztiei eskerrak eman dizkiete lasterketa antolatu duten Garraitz Kirol Taldeko kirolariek, datorren urtean berriz ere espero dituztela esanez.