2. mailako Euskadiko aizkora Txapelketaren Finalean laugarren postua lortu eta gero, datorren denboraldian 1. mailan jokatzeko aukerarik gabe geratu da Aratz Mugertza mutrikuarra. “Lehenengo mailara igotzeko aukera gutxi nituela kontzientzia hartuta nuen aurretik, hala ere, beti aukeraren bat izan dezakezula pentsatzen duzu. Datorren urtean anaiarekin maila berberean jokatzeko aukerarik ez dudala jakiteak pena ematen dit, baina aurkariek lan hobea egin zuten”.

Aratz Mugertza Galbaixoko jaietan aizkora erakusketa egiten
Finalean aritu ziren sei aizkolariek, denetara, seina pago enbor moztu behar izan zituzten: bi kanaerdiko (54 ontzako), bi 60 ontzako eta bi oinbiko (72 ontzako). Aizkolari mutrikuarrari dagokionez, 25 minutu eta 40 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. “Fisikoki ondo ikusi nuen neure burua, eta gustura aritu nintzen, baina azken aurreko egurrarekin hainbat arazo izan nituen. Zozketan egurrik eta sikuena egokitu zitzaidan, eta ezin moztuta ibili nintzen. Beste mota bateko egurren bat tokatuz gero, lanak azkarrago amaituko nituela uste dut, Luis Mari Txapartegi hirugarren sailkatuarengandik hurbilago”.
Elizondon (Nafarroa) jokatutako finalari dagokionez, Iker Vicente aizkolari nafarrak jantzi zuen txapela. 18 urterekin 1. mailan ariko den aizkolaririk gazteena izango da. Vicentez gain, Ruben Saralegik (bigarren sailkatuak) datorren urtean Euskadiko maila nagusian aritzeko aukera izango du.