Usotegi Egunak ekoizleen errealitatea ezagutara eman du Lekeition
Lekitto Bedarrak antolatuta, Usotegi Eguna ospatu zuten zapatuan [urriak 31] Lekeition. Eguraldi onagaz, jaian parte hartu zutenak eta antolatzaileak gustura geratu ziren egunak emandakoagaz. Denaren gainetik, jaiagaz, eskualdeko ekoizleen errealitatea ezagutara eman zuten Lekitto Bedarrekoek.
Arropaineko Antonek eta Aulestiko Mitxelek ortuariak saltzen zituzten bitartean, Markina-Xemeingo Larruz gazta egileak (Muniozguren anaiak) ahuntz gazta saldu zuten.
Ostean, Usotegiko horma eta Antzar Egunean apurtutako horma irudia konpontzeaz gain, Esperantza iturria auzolanean garbitu zuten jaian parte hartu zutenek.
Eztabaida izan zen hurrengo hitzordua. Baserrtitik bizi leike? izenburupean, Muniozguren anaiek euren errealitatea kontatu zuten. “Mitxel aulestiarrak eta Lekeitioko berdura plazan egoten den Anton Urzelaik ere euren ekarpenak egin zituzten”.
Eztabaida “bizi-bizia” izan zela esan dute Lekitto Bedarrekoek. “Hainbat ideia berri mahairatu ziren herritarrek bertokoa, sasoikoa eta herrikoa kontsumitzeko”.
Lehiaketetako irabazleak
Lehiaketei dagokienez, aitzur jaurtiketan hamar lagunek parte hartu zuten eta horien artean Kristian Aranzamendi izan zen onena (20,59 metrora arte bota zuen aitzurra). Bigarren postuan Oscar Domingo zornotzarra geratu zen; aitzurra 19, 23 metrora arte bota zuen. Azkenik, Julian Arraterentzat izan zen hirugarren postua (19,18 metro). “Jaurtiketa politak ikusteko aukera izan genuen eta Lekitto Bedarra taldekook geure nagusitasuna erakutsi genuen. Izan ere, lehen eta hirugarren postuak taldeko kideentzat izan ziren”.
Pisu asmakizunean, Agurtzane Gojenola eta Fernando Intxausti izan ziren irabazleak. Gojenolak Larruz gaztak 765 gramo zituela esan zuen (pisu erreala 780 gramo zen). Intxaustik, bestalde, Usotegin hazitako kalabazaren pisua 13,500 kilokoa zela esan zuen (pisu erreala 13,810 kilo zen). “Sari bikainak eman genituen Ugarteburu elektrotresnak eta Iñigo harategiaren laguntzari esker», diote Lekitto Bedarrekoek.