Urteurren berezia ospatzen dute gaur, lekeitiarrek.
690 urte igaro dira 1325. urtean Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andreak Lekeitioko elizateari herriaren sorrerako hiri-gutuna eman zionetik, eta bolanderak botaz gogoratu nahi izan zuen udalak egun hura.
Lekeitioko portua. Argazkia: Indalecio Ojanguren/Gipuzkoako Artxibo Orokorra
Lekeitio hiribildu bilakatu aurretik, arrantza mundutik bizi zen Bizkaiko Elizate-Elkartasuneko kontzeju edo herri bat zen. Biztanleria Santa Maria elizaren inguruan kokatzen zen; portu inguruan, berriz, Arranegi kalea zen arranzale familien gunea, eta Dendari kalea, ostera, merkataritza gunea. Azken hori gainera, barru aldera abiatzeko bidea zuten lekeitiarrek: Atea.
1325ean Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak hiri-gutuna eman zion Lekeitioko elizateari. Horrela hiribildu bihurtu zen herritxoa eta zenbait onura juridiko, merkatal, fiskal, militar, eta baita erlijioso ere eskuratu zituen. Bizkaiko Andreak, Lekeitioko kontseiluari eman zizkion, esate baterako, Santa Mariaren eliza eta honek batzen zituen hamarrenaren bi heren. Horrekin Lekeitioko herriak ekonomia askatasun handia lortu zuelarik. Parrokiaren errenten administratzaile, elizgizonen izendatzaile eta parrokia apaintzeko arduradun bihurtu ziren.
Herriko administrazioa
Lekeitiarrei autonomia zabala ematen zien herriko administrazioaren kudeaketan euren forua edukitzeak. Baita lehen mailako epaiketetan, hiriaren bilakaeran, iharduera ekonomikoetan eta gaurko Udalbatzaren baliokideko Kontzejuko kargudunak izendatzean ere. Kontzejua alkateak eta errejidoreak osatzen zuten. Alkateak batzarburu egin, erabakitako dekretuak onartu eta euren kalitatezko botoa zela-eta, errejidoreen arteko istiluak ebazten zituen. Baina bereziki epailea zen.
Udal ordenantzek Lekeitioko bizitzaren atal guztiak arautzen zituzten: gizartekoak, ekonomikoak, erlijiosoak eta moralak. Udal ordenantzak noiz idatzi ziren ez da ezagutzen, baina historialariak Bizkaiko zaharrenak direlakoan daude.
Iñaki Madariaga Valle historiazaleak egindako ikerketen arabera, Lekeitiok, bazeukan berezitasun bat Bizkaiko Andreak bertan hiribildu bat sortu nahi izateko: portua. «Txikia zen, baina merkataritzarako kokapen estrategikoa zuen eta laster hasi ziren kaiaren handitze lanak. Lekeitioko portutik irteten zen Gaztelako artilea Flandeserako eta ardoa eta burdinoletako emaitzak Erresuma Baturako. Mediterraneo itsasoan ere bazebiltzan lekeitiar itsas merkatariak, Marseilla, Genoa, Korsika eta Bartzelona artean salgaiak garraiatzen», azaltzen du bere idatzietan.
Bestalde, gutunak, hiriko mugak ere ezarri zituen, eta eurok zirela-eta burruka batean ibili ziren alboko elizate eta burdinolekin.
1334ean, Bizkaiko Jauna zen Alfonso XI.ak, Maria Diaz de Harok emandako hiri-gutuna berretsi zuen eta Arranegiko auzune berria harresi batez inguratzeko agindua eman zuen. Hiribildu bihurtu aurretik ere bazegoen herria inguratzen zuen harresi bat, baina hiri-gutuna lortu ondoren harresia handitzen eta aldatzen joan zen herriko inguru gehiago barneratuz.