Rakel Elu (EH Bildu) izendatu dute Lea-Artibai Amankomunazgoaren lehendakari
Aro berrirako aipagarriak iruditzen zaizkien lan ildoak ere azaldu zituen lehendakari berriak, eta Amankomunazgoa, ezkerretik eta bazterketa soziala ekiditeko politikak bultzatuta kudeatuko dutela azpimarratu zuen.
Hurrengo lau urteetan, herriekin eta herritarren parte hartzeagaz Lea-Artibain politika eraldatzaileak lantzea izango dutela erronka azaldu zuen Rakel Eluk, parte hartzea, politika sozialen garapena eta eskualdearen garapen ekonomikoa ardatz izanik.
Lea-Artibai Amankomunazgoan orain dela 25 urte inguru batu zirela gogora ekarri zuen Eluk, “bertan elkartutako udalentzat zerbitzuen eskaintza zabalagoa emateko nahian”. Baina denbora horretan zerbitzuen eskumenak aldatu dira. “Horregatik, eta herri guztioi kudeaketa onena eman ahal izateko, daukaguna aztertu, eguneratu eta egungoari etekin hobezina atera ondoren, prestaturik aurkitu gaitezkeela ikusten dugu erakunde lez zabalik egoteko zerbitzu desberdinen eztabaidarako ere”, aitatu zuen.
Lea-Artibai Amankomunazgoa erakunde sendo eta indartsua bihurtu nahi dutela aitatu zuen: “Beste edozein erakundegaz buruz buru aritzeko eta gure premiez tratatu ostean lorpenak izateko”. Horretarako, beharrezkoa ikusten dute Lea-Ibarrako Mankomunitateagaz elkartuta lan egitea ahal den neurririk handienean. “Elkarregaz etekin handiagoak lor ditzakegulako gure eskualderako”.
Amankomunazgoa herritarrengana hurbiltzea ere izango dute helburu, eta beraien parte hartze eta ekarpenekin batera gidatu.
Herri txiki zein handien eta kolore guztietakoen ekarpenekin eta guztien zerbitzura dagoen tresna izatea nahi dute amankomunazgoa. “Herri bakoitzaren nortasun propiotik abiatuta, bakoitzari behar duena eman ahal izateko”. Horretarako, programa bateratuak adostasunean lantzeko kudeaketa bideratuko dute.
Alderdi guztiekin lan egiteko prestutasuna erakutsi zuen lehendakari berriak. “Bai independienteekin zein EAJgaz akordioak lortze bidean jardungo dugu legegintzaldian”.
Udal hauteskundeak egin zirenean, HITZAk elkarrizketa egin zion Eluri