Gaztedi Busturialdeak bertoko taldeen lana bultzatu gura du
Gaztedi Busturialdea proiektua osatzen duten eskualdeko 12 herriek lehenengo Busturialdeko gazte musika jaialdia antolatu dute. Horren bitartez, Busturialdeko gazteen musika taldeen lana bultzatzeko eta zabaltzeko asmoa dutela azaldu dute.Abenduaren 18...
Abenduaren 18an egingo dute Bermeoko Kafe Antzokian Busturialdeko gazte musika jaialdia. Jaialdi horretan eskualdeko lau edo bost taldek parte hartuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Horretan parte hartu gurako luketen eskualdeko gazteen taldeek edo bakarlariek azaroaren 12ra arte aurkeztu ahalko dituzte eskariak eta abestiak. Aurkezten diren talde horietatik guztietatik, aukeraketa bat egin, eta lau edo bost hautatuko dituzte Bermeoko kafe Antzokiko jaialdian parte hartzeko.
Talde edo bakarlari bakoitzak, gutxienez, hiru abesti aurkeztu beharko ditu Bermeoko GIZen, Gernika-Lumoko GIBen edota Urremendi Elkartean. Abestiez gain, informazioa (biografia laburra eta taldeekideen datuak), argazkia eta harremanetarako telefono zenbakia utzi beharko dituzte interesa duten horiek.
Musika jaialdi horretan parte hartu gura duten taldeek, hala ere, zenbait baldintza bete beharko dituztela azaldu dute antolatzaileek. Ezinbestekoa izango da Busturialdekoa izatea, eta ezin izango dute diskoetxeren bategaz kontraturik eduki. Gainera, ez dute musika estilo bereizketarik egingo, baina hautaketa egiterako orduan oreka bilatuko dutela diote. Hizkuntzari dagokionez, euskaraz abesten duten taldeek lehentasuna izango dute, eta azkenik, parekidetasuna kontuan hartuko dute.
12 herrik osatzen dute Gaztedi Busturialdea proiektua: Arratzu, Bermeo, EreƱo, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Morga eta Sukarrieta.