Bizilagunen iritziak eta kezkak kontuan hartzeko halako bilerak egitea udalarentzat zein herritarrentzat garrantzitsua dela adierazi du Alberto Garro Uribe alkateak.
Auzoz auzo hiru bilera egin dituzte urrian zehar. Azkena zapatuan egin zuten Goierri eta Elizaldeko auzotarrekin. Aurretik, Zeinka-Ziarregiko, Artako eta Iruzubietako auzotarrekin batzartu ziren.
Bilera guztiak zapatuetan egin dituzte ahalik eta parte hartze zabalena izateko asmoz. Guztira, 45 auzokide inguru elkartu dira udaleko ordezkariekin.
“Pozik gaude lehenengo aldia izateko herritarren erantzuna ona izan da, eta gainera haiek eskertu digute batzarrak antolatzea”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Hala, esan dutenez auzoetako bizilagunek aspalditik kontzientzia hartuta dute halako ekimenetan parte hartzeko, Eleizaldeko bizilagunei (bertan bizi da biztanleriaren gehiengoa), ostera, gehiago kostatzen zaiela azaldu dute. “Auzoetako herritarrek konpromiso gehiago erakutsi dute”.
Herritarren parte hartzeak berebiziko garrantzia du udal gobernuarentzat, eta horregatik, aurrerantzean ere halako egitasmoetan parte hartzeko dei egin eta animatu dituzte herritarrak: “Gure helburua politika ireki eta parte hartzailea egitea da”.
Gai ugari
Bilera horietan gai askoren inguruan hitz egin dute: Bideen egoera, ur zikinen sarea, estolderia, komunikazio arloko arazoak, seinaleak, erreken garbitasuna, zaborrak…
Horrela, bideak konpontzeko konpromisoa hartu du udalak, eta ahal den neurrian pixkanaka eta zatika konponduko dituzte. “Lehentasuna du horrek, herritarrentzat segurtasuna bermatzea baita”. Esaterako, leku batzuetan ispiluak ipintzeko eskaria jaso dute.
Halaber, baso bideen araubidea ere egin gabe dago eta hori egiteko asmoa du udalak.
Auzolanaren garrantzia
Bileretan auzolanaren inguruan ere aritu dira. “Batez ere auzoetan bizi direnek aspalditik dute auzolanerako ohitura, eta udalarekin lotura gehiago izatea da gure helburuetako bat; elkarlanerako konpromisoa hartu dugu ahal dugun neurrian laguntzeko”.
Bestalde, herritarren arduretako bat komunikazio arloan dituzten arazoak dira. Internet eta wifi arazoak dituzte, eta horiei irtenbidea bilatzea zaila dela esan dute udal ordezkariek, oso garestia baita eta udalak ezin du beregain hartu.
Autokonposta sustatuz
Zaborraren gaia ere landu dute auzotarrekin eta udalak autokonposterak erabiltzera animatu dituzte. “Orain arte jende gutxi apuntatu da, eta parte hartze handiagoa lortu nahi genuke”. Izan ere, nabarmendu dute doakoa dela, eta udalak ematen duela beharrezkoa den materiala.