
19:00etatik aurrera izango da udal aretoan. Udalerriko elkarte desberdinak elkartuko dira, eta udaletik herritarrei ere dei egin diete bileran parte hartzeko.
Euskara batzordea sortzeko asmoa dute, eta herrian euskararen inguruan zein ekintza edo jarduera egin azaldu eta aztertuko dute eguaztenean.
Esan moduan, udaleko ordezkariekin herriko talde edo eragile desberdinetako kideak ere batzartuko dira: Gurasoen elkartea, 3. adinekoen elkartea, Oizpe egoitza, Gaztetxea, kirol elkartea…
Diagnosia
Halaber, udal ordezkariek azaldu dutenez, Udal Euskaldunen Mankomunitateagaz elkarlanean udalerriko euskararen diagnosia egingo dute. “Aspaldi egin zen hemen euskararen inguruko azterketa, eta azken urteetan euskarak beherakada izan du herrian”.
Biztanleria osora heldu nahi dute, 400 bat herritarrengana, eta diagnosia egin ostean, zein pauso eman eta zelan jokatu aztertuko dute.
Euskara ikasten
Bestalde, Munitibarko udalak Uemagaz elkarlanean ikasturte osorako euskara ikastaroa antolatu du, eta datorren astean hasiko dira ikasleak eskolekin.
16 lagunek parte hartuko dute ikastaroan. Markina-Xemeingo AEK euskaltegiko irakasle batek herrian bertan emango dizkie eskolak.
Astean bi egunetan egingo dituzte saioak, egun bakoitzean bi ordu eta erdiz. Ikasleei zein mala duten ikusteko probak egin dizkiete dagoeneko eta bi mailetan banatu dituzte.
Hasiera maila dutenak goizetan batuko dira, eguaztenetan eta eguenetan 10:30etatik 13:00ak arte.
Bestalde, A 2 mailan hasiko direnak eguenetan eta barikuetan izango dituzte eskolak. Asmoa da horiek ikasturte amaierarako B 1 maila lortzea. Eguenetan 19:00etatik 21:30etara bitartean egongo dira euskara ikasten, eta barikuetan, berriz, 18:00etatik 20:30etara.
Azaldu dutenez eskolak hasteko gogoz daude ikasleak, eta ikasturtean zehar eskoletan apuntatzeko aukera egongo dela adierazi dute.