Eusko Jaurlaritzak zehaztutako ordutegietara egokitu beharko dira Lekeitioko Ostalariak
Asteburu honetatik aurrera, [azaroak 7-8] Eusko Jaurlaritzaren 36/2012 Dekretuak dioena bete beharko dute Lekeitioko ostalariek. 1994an Ostatu eta berdinetsien udal ordenantza onartu zuen Lekeitioko Udalak, eta gaur egunera arte herriko jarduerak arautzeko ordenantza hau erabili dute oinarri. Baina, 2012tik indarrean dagoen martxoaren 13ko 36/2012 Dekretua, udal ordenantzaren gainetik dago, eta beraz, dekretua betearazi eta jasota dauden ordutegiak Eusko Jaurlaritzaren 36/2012 Dekretura egokitu behar dituzte.
Joan den astelehenean batu zen udala herriko tabernari eta ostalariekiekin Eusko Jaurlaritzak ezarritako ordutegiari buruzko informazioa emateko. Izan ere, Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, azken hileetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun SailakĀ ordutegi-aktak zabaldu ditu herriko sei tabernatan, ordutegiz kanpo irekita egotearren.
Lekeitioko 1994ko udal ordenantzagaz alderatuta, ordutegi murritzagoa aurreikusten du Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ezartzen den 2012ko dekretuak. Hala ere, dekretuak ahalmena ematen die udalei, alde batetik, zaindariaren jaiak eta beste jai edo interes turistikoa duten gertakari batzuk direla eta, aurreikusitako ordutegia gehienez bi orduz luzatzeko, beti ere dagokion urte naturalerako udal bakoitzak onartu beharko duen egutegiaren arabera. Bestalde, udalak ordutegi orokorra ere luzatu ahalko du gehienez bi orduz, urte natural bakoitzeko hamabost eguneko gehienezko mugarekin.
Hori dela eta, datorren urteko egutegia ostalariekin batera landuko dutela azaldu du udalak.
