Kazetari moduan lehen pausuak irratian eman bazituen ere, ikus-entzunezko ikastaro bat egin eta Oizmendi telebistan hasi zen lanean, orain dela zortzi urte, Xabier Elizburu (Markina-Xemein, 1983) kazetari markina-xemeindarra. Telebista lanak ikasita, zuzendaritzara eman du jauzia.

Xabier Elizburu Oizmendi telebistako zuzendari berria
Jose Antonio Uriarte Itsaso erretiratu eta zuzendari kargua hartu duzu. Zelan daramazu erronka berria?
Jose Antonio Uriarte Itsaso Onda Vascan hasi zen Gernika-Lumon baina gero, bere telebista muntatu zuen. Oraindik ere jende askok bere telebista modura ikusten du. Erretiratu egin da eta harek zeukan zuzendaritza kargua proposatu zidaten. Hasieran zalantzak nituen arren, onartu egin nuen. Erronka berriei baietz esan behar zaiela uste dut eta gogo handiagaz hasi dut ibilbidea.
Zein izango da zure lana hemendik aurrera?
Kazetari lana albo batera utzi barik, lantaldearen koordinazioa, arlo komertziala eta erakundeekin harremana landuko ditut. Horrez gain, alor teknikoaren ardura ere izango dut, antenak ondo funtzionatzen duela bermatzea esate baterako. Hasiberri nago oraindik, ikasten.
Oizmendik orain arte eramandako ibilbide bera jarraituko duzue ala aldaketak egiteko asmoa daukazue?
Beste itxura bat eman nahi diogu. Beti zaharrentzako telebista baten modura ulertu du Oizmendi telebista askok. Zaharrei eta umeei zuzendutakoa. Ikuspegi hori aldatu nahi dugu. Orain arte arrakasta handia izan duen programa bat egon da In illo tempore Jose Antonio berak eta bere kolaboratzaileek Gernikako aintzinako kontuei buruz egiten zutena. Programa hori erretiratu egin dugu esate baterako. Itxura berriagoa eman nahi diogu.
Eraberritze horregaz hasiak zarete?
Bi aldaketa nagusi egin ditugu. Alde batetik Infosare taldean, Gipuzkoako euskarazko tokiko telebisten sarean, sartu gara. Infosaren Ordizia-Beasain inguruko Goierri telebista, Tolosako 28 kanala eta Zarauzko Erlo telebista daude. Logotipoa ere aldatu egin dugu eta itxura. Grafismoa eta programazioaren planteamendua ere euren antzerakoak ditugu. Hau da, lau ordutatik lau ordutara programazioa berritzen doa eta albiste berri bat sartu ahala barneratu egiten da albistegira, euren ereduari jarraituz. Beste alde batetik, arazo teknikoak direla eta ez gara ailegatzen leku guztietara. Adibidez, TDT bidez Markina-Xemeinen, Gernika-Lumon, eta Ziortza-Bolibarren ikusten da Oizmendi, baina, Bermeoko leku batzuetara ez gara heltzen, Ondarroara ere ez. Euskaltelen sarearen bidez ere ikusten da, baina mundu guztiak ez du sare hori. Arazo horren aurrean gure apustua teknologia berriak izan dira: Twitter, Facebook eta Vimeo.
Streaming bidez, zuzenean ematen duzue?
Guk zuzenean ez dugu internet bidez ematen, baina Gernika-Lumoko rugbi taldeko partidak streaming bidez zuzenean emateko seinalea ematen diegu. Bai eta nesken saskibaloia emateko ere. Sare sozialen bitartez gazteengana heltzea dugu helburu. Telebista ikusteko ohiturak ere aldatu egin dira eta ematen dutena barik, jendeak nahi duena gehiago ikusten du gaur egun. Guk oraindik ez daukagu aukera kartara egindako telebista bat izateko, ez daukagu gaitasunik, beraz, sare sozialetan sartzeko pausua eman dugu. Web orrialde bat ere prestatzen gabiltza.
Emaitzarik nabaritu duzue?
Jarraitzaile gehiago ditugu, batez ere twitterren sartu garenetik. Hori ere telebista lokalen gomendioa izan zen.
Zelan jarri zineten harremanetan Infosaregaz?
Beste sare handiago bat dago Tokiko deitzen dena, euskarazko toki telebisten elkartea. Horren bitartez aurretik ere eduki dugu hartu emana beste toki telebista batzuekin. Hitzarmenak ditugu gure artean eta informazioa partekatzen dugu, elkartrukea da. Goierrikoekin hartu emon gehiago izan dugu eta horren bitartez sartu ginen Infosaren. Guk ezin dugu bestela programazioa bete.
Jose Antonio Uriarte Itsaso erretiratuta, zenbat lagunek osatzen duzue Oizmendi gaur egun?
Zazpi beharginek jarraituko dugu. Oizmendi telebista Onda Vasca modura, biak batera. Telebistan eta irratian egiten ditugu gauzak. Onda Vascaren bulego nagusia Bilbon dago, Gernika-Lumon herriko programa bat egiten du Alberto Nuñezek. Oizemendiren egoitza Gernika-Lumon mantentzen dugu.
Zein da Oizmendi bezalako telebista baten berezitasuna?
Hurbiltasuna. Tokian tokiko gauzak ateratzen ditugu. Bertoko informazioa, herrikoa lantzen dugu. Horretan berdin jarraituko dugu.
Krisiarekin laguntzetan murrizketak izan zenituztela aitatu zenuten orain dela pare bat urte. Zelan dago egoera momentu honetan?
Momentu oso latzak igaro ditugu. Estu ibili ginen diru aldetik. Proiektua ez aurrera ez eta atzera. Baina orain hobeto gabiltza. Batez ere udalen laguntza gehiago behar dugu. Udal gehiagok parte hartzea. Momentuz, gehienak Busturialdekoak dira. Gernika-Lumo eta Bermeo dira laguntza gehien ematen dutenak. Bestalde, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere badaukagu. Publizitatea ere lantzen gabiltza. Asko jaitsi da krisiagaz.
12 urte darama abian Oizmendik. Etorkizuna zelan ikusten duzue?
Itxaropentsu ikusi behar da, besterik ez zaigu geratzen. Arduragaz eta ikasten proiektu eta egitasmo berriak aurrera tasmo berriak aurrera eramateko prest gaude.