Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako portuen eta itsas garraioaren lege proiektua onartu zuen joan den astean. EAEko titulartasuneko portuetan aplikatuko da legea. Bertoko herriei dagokienez, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka eta Bermeoko portuetan izango da, hain zuzen ere, aplikagarria. Lege proiektu hori Legebiltzarrak eztabaidatu eta berretsi beharko du.
Ondarroako portua
Besteren artean, Portuen Udal Kontseilua sortzea aurreikusten du portuen lege proiektuak. Aipatu kontseilua erakundeek eta herritarrek parte hartzekoa bitartekoa izango da; portu administrazioaren eta portua duten udalerrietako udal administrazioaren arteko harremanak egituratzeko.
Lege proiektu horren bitartez, gainera, portuko jarduerak eta egunerokoak bateragarriak izatea lortu gura da. Hala, portuko guneak eta erabilerak mugatzeko, portuetako zerbitzuguneetako erabilera eta instalazioak arautuko dituzte.
KAIAKen sorrera
Lege berriak, bestalde, KAIAK zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren figura eratzea aurreikusten du. Helburua, EAEko portu azpiegitura guztiak eredu bakar baten arabera kudeatzea da, horien kudeaketa publikoari eutsita. Horren baitan egongo dira portuen kudeaketan parte hartzen duten erakunde publikoak.
Legearen arabera, informazioa publiko egin asmoz, aurrerantzean, Itsas Garraioko Enpresa Operadoreen Erregistroan inskribatu beharko dira bidaiarien, salgaien eta mistoen itsas garraiorako enpresak.
Legeak, bestalde, arau-hausteak ere ezartzen ditu, hiru aipatu dituzte; arinak, astunak eta oso astunak.
Tasak berrikusi
Portuko tasen araudia ere berrikusi dute. Berritasunen artean dago
bidaiarientzako T-2 tasa, Europako edo kanpoko kabotajerako ezarritako kuotak bateratu dituztelarik. Salgaien T-3 tasan, berriz,
salgaien jatorrien arabera aplikatu beharreko kuotak bateratu dituzte.
Bestalde, portuko zerbitzuguneetara
trenbidez sartzen edo ateratzen diren sailgaiek ordaindu beharreko kuota %25 murriztuko da. Joan-etorriko erabiltzaileek pantalanak berrerabiltzea sustatzeko, hobari bat izango dute eta pentsiodunei aplikagarri zaien murrizketa aldatzen du lege berriak.
Kargak jasotzeko zerbitzuen tasak, berriz, kuota bakarra ezarriko du zerbitzu desberdinetan. Azkenik, uraren eta energia elektrikoaren horniduragatik ordaindu beharrekoa kuota, berdina izango da portu guztietan.