Aurrerako zuzendaritza batzordeak Xepe Gallastegi nagusien taldeko entrenatzailea kargutik kentzea erabaki duela adierazi zuen atzo [azaroak 9] iluntzean. “3. mailako taldeak azken bolada honetan daraman bidea ikusita, Xepe Gallastegik ez du Aurrerako entrenatzaile izaten jarraituko”.
Xepe Gallastegi, Aurrerako entrenatzaile ohia
Entrenatzaile eibartarra orain hiru denboraldi hasi zen nagusien taldea zuzentzen, eta guztira, 113 partida gidatu ditu. Hain zuzen ere, 2012ko abenduan Mikel Aramaio entrenatzailea kargutik kendu ostean hasi zen beharrean Gallastegi, eta orduz geroztik, taldeak lortu dituen emaitza onak berari esker izan dira hein handi batean. Besteak beste, taldea zuzendu zuen lehen denboraldian jaitsiera postuak saihestu zituen taldeak, eta iaz, aldiz, hirugarren mailara igotzea lortu zuten.
Azken hiru denboraldietan egindako lan ona aitortu eta klubaren onerako lortutako guztia eskertu nahi izan ditu zuzendaritza batzordeak. “Asko eman dio Aurrerari Xepe Gallastegik, eta orain unerik gozoenak bizitzen ari ez garen arren, ezin dugu ahaztu berak urte hauetan egindako lana eta taldeari emandako guztia. Eskerrik asko Xepe eta zorterik onena gaurtik aurrera zure kirol ibilbidean zein bizitza pertsonalean”.
Xepe Gallastegi, Zaldupeko instalazioetan
Klubaren arduradunek jakitera eman dutenez, gainera, entrenatzaile berria fitxatzeko lanetan hasita daude dagoeneko. “Gure asmoa lehenbailen taldea zuzenduko duen entrenatzailea kontratatzea da. Datozen partida garrantzitsuei begira taldea indartu eta jokalariak zelaigunean dena emateko motibatuko dituen entrenatzailea behar dugu. Maila mantedu nahi baldin badugu aurrerazale, zuzendaritza, talde tekniko, jokalari eta zale guztiok batera arraun egin beharko dugu”.